Guregatik topa

ETSren kontzertua BECen. ATARIA

Apirila hilabete berezia dugu euskal futbolzaleok; batez ere, gipuzkoarrok eta bizkaitarrok. Urtebete bete berri du Athleticek irabazitako azken Errege Kopak, hilaren 6an, eta badira lau urte txuriurdinok 2020ko Kopa irabazi genuenetik 2021eko apirilaren 3an, pandemia dela eta ez dela. Hori gutxi ez eta, titulu eta afizio sutsuaz gain, baditugu euskaldunok berezi egiten gaituzten beste ezaugarri anitz, eta zelaian ere nabari dira. Izan ere, nola edo hala lortzen dugu guk geure oinarriak eraikitzen, tinko mantentzen eta aldarrikapenerako bilakatzen.

Ezin uka dezakegu, halaber, euskal entretenimendua aldaketarako tresna ere badela. Horren erakusle dugu, aipatu dugun moduan, espazioa dena delakoa ere –eta, sarritan, euskal kirol zelaietatik at–, beharrezko deritzegun aldarri politikoei eusten diegula. Konparazio baterako, ez da falta palestinar banderarik edota faxismoaren aurkako tiforik gure taldeek jokatzen dutenean, ezta jai-giroan ugaritzen diren eraso jasanezinen aurkako afixarik ere herriko festetan. Euskal gizartea eta gazteria ekimen, jardun eta mezu politikoetan bete-betean murgildutakoa dugu egun, eta defendatzen ditugun balioak gure bizitzen eremu guztietan loratu daitezen bultzatzen dugu ia konturatu gabe ere.

«Orobat, kontsumitzen dugun aisian ere azpimarratzen dira aipatu uste sendoak, eta adibide ezin hobea dugu euskal musikariek gure tradizioaren alde azkenaldian egindako apustua»

Orobat, kontsumitzen dugun aisian ere azpimarratzen dira aipatu uste sendoak, eta adibide ezin hobea dugu euskal musikariek gure tradizioaren alde azkenaldian egindako apustua. Era batera edo bestera, gu guztiok gara akuilu euskal panorama musikalak kontzertu-eremuak bete ditzan milaka pertsonaz, baita komunikabideetan aipatu ekimenok zabaldu daitezen pizgarri ere. Bertso-saioak, pilota partidak edota erromeriak geure aisialdian erroturik mantendu daitezen jarduten dugunean, arnasa ematen diegu geure balioak zabaltzen jarraitzen duten bideei.

Horrexegatik guztiagatik, kopak irabazi bakarrik ez ezik, haietaz eta haiengatik, egin dezagun topa. Geure nortasuna ezaugarritzen eta indartzen dituzten espazioak eta ideiak maitasunez zaintzen ditugu, eta jatorriz geureak ez direnak gureganatzea eta eraberritzea lortzen dugu. Hori dela eta, begiak ixteari muzin egiteko eta eguneroko borroka txikiei eusteko hautua egin dugu, eta gure jokamoldea eta ziurtasunak plazaratzen ditugu noiznahi eta nonhai. Horrek egiten gaitu, bada, berezi: gaztedi, bakarra gara munduan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!