Euskaldunon narratiba

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Dorronsoro 2024ko urr. 25a, 07:57

Legebiltzarraren ikuspegi orokorra. LEGEBILTZARRA

Barruko grinak hala bultzatuta ikasten dut, egun, nire gradua. Hori gutxi ez eta, ikasgelatik kanpo ere harat-honat nabil, teoria praxis bihurtzekotan: politikagintzan nahiz filosofian diharduten horiengandik gertu egoten ahalegintzen naiz, belarrietara nire intereseko zer edo zer iritsiko zain.

Horren karietara aritu naiz gustura, konparazio baterako, Eusko Legebiltzarrean bisitan; baita hainbat alderdi politikoren buruekin solasean ere, edota instituziotik haratago jarduten den politika ezagutzen. Zer esanik ez dago, denek hauspotu dute nire ikaskuntza, esparru-politikoaz bezainbatean. Alta, aitortu beharra dut, batez ere, egunerokoan politikatik at bizi direnei entzunez ikasi dudala, preseski, zertan datzan gaurko errealitatea: mundua akademiatik eta eredutik haratago dakusatenei zor diet ondorengo gogoeta.

Izan ere, arrazoia dena delakoa, aukera izan dut bazterrak nahasteko nire ingurugirotik urrun ibiltzen den askorekin —Euskal Herritik kanpokoak, hiriburukoak edota apolitikoak— eta, ondorioz, sarritan sentitu naiz ez-ulertua. Hortaz, jakin badakit eurek dakusaten errealitatea ez datorrela bat, nolabait, nik neuk eta neure ingurukoek ezagutzen dugunarekin. Horiek horrela, neure begiek erreparatutakoa haienetan txertatu ezinean, zenbaitetan ez dut beste erremediorik euren itsutasuna onartzea baino; marmarka, askotan. Diotenez, euskal gazteok «ezkerraldearen menpeko» gara, eta homogeneotasun politikoak zapaltzen gaitu; euskaldunok, halaber, aspaldi ahaztua dugu geure historia politikoa; eta, Estatuko gainontzeko alderdiek EAEn ordezkagarritasuna izan ezean, muturrekoak dira, ezinbestean, geure ordezkariak eta militantzia gauzatzeko bideak. Horiek guztiak dira jaun eta jabe askoren ahotan; eta, orain, baita geureetan ere.

 

«Bada, euskaldunon errealitatea eta ikuspegia baldintzatzen dute arrotz zaizkigun iritziek, egunerokotasuna ezagutu ez eta funtsik gabeko suposizioetan oinarritzen direla zio»

 

Bada, euskaldunon errealitatea eta ikuspegia baldintzatzen dute arrotz zaizkigun iritziek, egunerokotasuna ezagutu ez eta funtsik gabeko suposizioetan oinarritzen direla zio. Tokian tokiko paradigmen isla ez diren marko-politikoek ez dute ez zentzurik, ez zilegitasunik, ezta baliogarritasunik ere Euskal Herrian; eredu zuzen bakar baderitzegu, bederen. Horregatik, ezin onar dezakegu geure pentsamoldearen oinarri bilakatzea beste gizarte politikoetan —hala nola Estatu mailakoan edota atzerrian— sortutako axiomak eta hipotesiak; ez baitatoz bat, halabeharrez, geureekin.

Hor dago, bada, koxka: ezin ulertu eta plazaratu genezake euskaldunok bizi dugun hori beste errealitateak eredu formal ditugula. Geure narratiba eraiki dugu, berezkoa bailitzaigun, besteenak onartuz, gureganatuz eta zabalduz. Gainontzekoek gureaz zer dioten ikasiz irakatsi diegu, bueltan, ustez dakiguna. Eta nahitaezko bateraezintasun horrek ondorioztatu du geure burua eta geure politika ulertzeko ezintasuna, salbuespen-egoeran bizi garen ustea eta irtenbidea bilatzeko ditxosozko beharra, arazoa zein den ere ulertzeko gai ez garen arren. Euskal politika ez da hondatu; begiratzen duten begiek ez al dute, bada, gabeziarik izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!