Gauzak horrela, aipatu beharra dago geure herriko festak, sanjoanak, bereiziki, geroz eta inklusiboagoak bilakatzen ari direla, nolabait. Geroz eta herritar gehiagok dute egun berezi horietan parte hartu eta ederki pasatzeko aukera, eta hura ahalbidetzea beharko luke izan gure ikusmiran dagoen helburua.
Horren adibide da, besteak beste, herrian bertan edozein adineko herritarrentzat prestatutako egitaraua gauzatzen dela. Bai musikaz bezainbatean, bai ikuskizunei dagokienez, Tolosa osatzen dugun herritar guztiok dugu zer sentitu eta zer gozatu sanjoanetan. Bestalde, nabarmentzekoa da, beste behin, auzolanak duen garrantzia, gazteon eskutik ere burutzen baita. Hori dela eta, aurten ere Kuadrilla Eguna ospatu dugu ekainaren 22an: herritarron arteko bazkarian, datorren urteko antolatzaileen arteko lehiaketan edota tolosarrok egunean zehar soinean harro jantzitako zapi berdean nabari da denbora luzez aurrera eramandako elkarlana. Gazteok ere zer esan eta zer antolatu dugu herriko festetan.
Azkenik, San Joan jaiak denontzako jaiak direla azaltzen duen beste berezitasuna dugu: aurten emakumeok izan dugun espazioa. Jaiak iragarri dituen afixean Miren Nazabalen irudia izan dugu: 2013an Bordon Dantzan aritu ziren lehen sei emakumeetako bat eta 2022an, estreinakoz, dantzarien emakumezko kapitaina. Hori bakarrik ez ezik, eskopetarion kapitain jenerala Aurrera konpainiako Itsaso Barrenetxea izan dugu aurten. Badirudi, nonbait, gizonak jaun eta jabe izan diren ekimenetan emakumeok geure lekua hartzea lortu dugula, lan horretan jarraitu beharra dugun arren.
«Badirudi, nonbait, gizonak jaun eta jabe izan diren ekimenetan emakumeok geure lekua hartzea lortu dugula»
Modu batera edo bestera, badakusagu sanjoanak tolosar guztiok batzeko primerako aukera direla. Ekainaren 24an geure paparrean eramateko, maite ditugun haiei eskaintzeko edota balkoitik behera erortzen uzteko krabelinak loratu daitezen itxaroten dugun bezala, tolosarrok ere gogotsu itxaroten dugu urtero sanjoanen loraldia. Geroz eta samurragoak eta bereziagoak loratzen dira jaiak, eta inauterizaleon bihotza dugunez, bertan nagusi den umore ona sanjoanetara ekartzea lortzen dugu beti.