Garrasirik ozenena

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Dorronsoro 2024ko mai. 12a, 07:58

Vidya Krishnan kazetariaren irudia. ATARIA

Hasieran bazen Hitza. Mundua mundu denetik izan dugu gizakiok gure barrenetan gertatzen den hori jakinarazteko premia. Zehazki, ingurukoekin solasean aritzeko eta geure ezbaiak biluzteko grina dugu eta, emozioek ala arrazoiak hala beharturik, geure ahotsa entzuna izateko beharra dugu. Maitasunezko hitzak, zalantzazko gogoetak edota askatasunerako garrasiak: denak behar ditugu gure ahotik ihes egiten utzi.

Gauzak horrela, ez nau harritzen inoiz baino ahots askotariko gehiago entzun ahal izateak gaur egun. Hamaika bide ditugu behar dugun hori esateko; hori bakarrik ez ezik, bide horiek guztiak eskaintzen dizkiegu sarritan besteei, gure ezintasunari aurre egin eta sentitzen dugun hori beste norbaitek azaldu dezan. Hori dela eta, azken aldian podcasten, elkarrizketen edota dokumentalen loraldian murgildurik bizi gara, eskarmentuak ala merezimenduak horrela erabakita, haien ahotsa erabiltzea ahalbidetu diegun horien hitzak entzunez.

Alabaina, esango nuke gutxitan erreparatzen diogula, kontu osoz, ahotsa ematen diegun horiek osatzen duten ereduari. Zeinen ahotsak du entzuna izateko eskubidea, zergatik eta zein kasutan? Langileon injustiziak kalera ateratzen ditugunean, entzuten al ditugu azpikontratatutako etorkinen bizipenak? Edota, politikariak gazteen arazoez dihardutenean, ba al dago gaztetasun tonurik haien berbaldian? Borroka sozialen jaun eta jabe bilakatzen garenean, zeinen lekua hartzen eta deuseztatzen dugu?

Hori gutxi balitz bezala, ezin ahaztu dezakegu benetan zapalduei, isilduei, hizketarako espazioa uzten diegunean, ezinbestekoa dela argi eta garbi izatea aukeraren nolakotasuna. Premiazkoa deritzot hausnartzeari ea horrelakoetan gure hizlariei esateko duten guztia azaleratzen uzten diegun, edota isilpean gordetakoak bere horretan uzten ditugun. Era berean, zergatik eman behar diegu guk geuk berezkoa zaien ahotsa? Noiz galdu dute, gure erabakien menpe bizi diren horiek, inolaz ere esku artetik kendu ezin zaien altxor hori?

 

«Zergatik ‘eman’ behar diegu guk geuk berezkoa zaien ahotsa?  Noiz galdu dute, gure erabakien menpe bizi diren horiek,  inolaz ere esku artetik kendu ezin zaien altxor hori?»




Gogoeta hau guztia egitera gonbidatu nau Vidya Krishnan kazetariaren artikuluak, pasa den otsailean Al Jazeera komunikabidean argitaratua. Bertan, Krishnanek kritika gogorra egiten dio mendebaldeko komunikabideei, haien interesetan oinarrituta jarraitzen baitute, egunez egun, Gazan gauzatzen ari den sarraskia. Beste behin, kolonizatzaileen ahotsa nagusitzen da etxetik urrun eta fikziotik gertu diruditen injustiziak sufritzen dituztenen gainetik. Isilduen gizatasuna deuseztatzen eta justifikazio gupidagabeak hedatzen dituzten ahotsak soilik entzuten dira palestinar herria nazioarteko ikusmiran dagoenetik, eta palestinarrak isilarazten edota haien hitzak itxuragabetzen dituzten hizketaldiak ditugu etengabe geure belarrietan.

Horrelakoak irakurtzean, hitzez argitzen gaituzten horiek aintzakotzat hartzean, ahotsa berreskuratzen dute, modu batera edo bestera, isildu ditugun horiek. Bada garaia gure isiltasunak lekutxo bat egin diezaion entzun beharreko garrasiei: duintasunerako garrasirik ozenenari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!