Etxean, baina etxetik kanpo

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Dorronsoro 2023ko urr. 13a, 17:59

Bilbon euskara arrotza. N.R.A.

Bilbon unibertsitatean ikasten dudanetik, berritasun nabari bat jasan du neure bizitzak. Argi dago ez naizela Bizkaira bizitzera joan den lehen gipuzkoarra, baina baliteke bizkaitar hiriburuan nabarmentzen den bizimoduak ezberdintasun jakinen bat izatea Tolosan bizi dugunarekin.

Batzuentzat lelokeria dirudiena besteentzat paradigma aldaketa izugarria da, baina errealitate berria aurrez aurre ikusi ostean soilik konturatu naiz. Goizean goiz «egun on!» beharrean, «buenos días» arrotzez agurtu nindutenean, orduan izan nuen egoeraren berri lehen aldiz: etxetik kanpo nengoela.

Jakina da Euskal Herrira ehunka ikasle datozela urtero haien ikasketak burutzera, eta horietako ugari ezagutu ditut azken hilabetean zehar. Ulertzekoa den bezala, Gaztelatik, Kantabriatik edota Madrildik atera diren nerabe taldeak ez du euskarazko hitz bat bera ere ulertzen, nahiz eta «kaixo» apalak entzuten ditudan noizbehinka haien ahotik ihesean. Haietako askok antzematen ez badute ere, zein polita den haien saiakeren lekuko izatea. Era berean, gure hizkuntzak dituen hitz goxoren bat gurekin erabiltzea estimatzen dugu gaztelaniadun artean gauden euskaldunok.

Hala ere, lurralde kanpotik etorritako horien euskara jaioberria gustuko dugun arren, are gehiago balioesten dugu Bilbon bertan euskaraz lasai aritu ahal izatea. Gure bizitza osoan euskaraz aritu garenok irribarre batez eskertzen ditugu tabernetan, unibertsitatean edota dendetan euskaraz zuzentzen zaizkigun haien gertutasun zantzuak. Tamalez, ez dugu askotan zorte hori izaten, eta oso leku zehatzetan bakarrik daukagu geure hizkuntza erabiltzeko aukera.

«Si me hablas despacio te puedo entender, pero ya hace mucho que dejé de intentarlo con el euskera». Lehen hitza euskaraz eginda, ez da erantzun horixe bera luzatzen didan lehen bilbotarra, eta ez da azkena izango. Nire ikaskideen artean ere, gutxi batzuekin soilik izaten ditut elkarrizketa arinak, naturalak eta gertukoak euskaraz. Euskal Herrian jaiotako gehienek ikasi dute D ereduan eta, hala ere, ez gara txikitatik ikasitako hizkuntzan bata bestearen hitzak argitzeko gai. Ulermen eza baino tristeagoa deritzot ulertzeko esfortzuari paso egitea.

 

«Gure herritik, gizartetik eta taldetik kanpo euskarak beste errealitate bat bizi du. Ez dezagun ez-entzunarena egin: gaur arte ezagutu ez ditugun espazioetara plazaratu dezagun euskara, hura baita euskaldun egiten gaituena, Euskal Herri osoan barrena»



Horregatik, momentu honetan bertan garrantzizkoak izaten hasi dira orain arte aintzakotzat hartu ez ditudan eginkizun dezente: filmak eta telesailak euskarara itzultzea, pare bat astez txapa koloretsuak soinean eramatea edota ikastetxeetan hizkuntzaren erabilera aztertzeko taldeak sortzea. Gure herritik, gizartetik eta taldetik kanpo euskarak beste errealitate bat bizi du. Ez dezagun ez-entzunarena egin: gaur arte ezagutu ez ditugun espazioetara plazaratu dezagun euskara, hura baita euskaldun egiten gaituena, Euskal Herri osoan barrena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!