Euskararen Eguna 2021

Euskara transmititzea ez da nahikoa

Erabiltzailearen aurpegia

Astelehenean hasiko da Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Haurren aurrean helduok heldu ekimena, helduen arteko hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago egiteko ekimena. Izan ere, askotan euskararen erabilerari dagokionez haurrengan jartzen dugu arreta, baina sarri haurrak dira adin tarteei erreparatuta euskara gehien egiten dutenak. Horrela erakusten dute Tolosaldean egin izan diren kale neurketetako datuek ere.

Baina, posible ote da joera hori iraultzea 2021ean egin berri diren kale neurketetan? Uemako herrietako ikastetxe gero eta gehiagok kezka handia erakutsi digute. Haurrek gaztelania gehiago egiten dutela, eta gero eta lehenago erabiltzen hasten direla esaten digute. Joera orokorra da, baita arnasguneetan ere. Hori dela eta, Uemako herrietan haurren erabilera eta horretan eragiten duten faktoreak aztertzen ari gara. Baina, kezka hor dago eta normalean sentsazioekin bat egiten dute gero estatistikek eta zenbakiek ere.

Udalerri euskaldunetako haur eta nerabeak ere bizi garen mundu honetako kide dira, gure eskualdeko haur euskaradunen profila ere aldatzen ari da, eta euren hizkuntza ohituretan faktore askok eragiten dute: ama-hizkuntzak, hizkuntza gaitasunak, input mediatikoak, kontsumo eskaintzak, pertsona eta talde erreferenteak…. Eta txikienen kasuan norbait erreferente bada hori gurasoa da. Hain zuzen ere, horregatik haurrean aurrean gurasoek euskarari heltzeko beharra eta deia. 

Guztiok dakigu haurrek esaten dieguna baino ikusten dutena errepikatzen dutela, eta beraz, guraso euskaldunen kasuan euskararen transmisioa lehen pauso garrantzitsua bada ere, ez da nahikoa. Ez da nahikoa gure seme-alabei euskara erakustea, gero guk egunero euren aurrean beste gurasoekin gaztelaniaz egiten badugu, haurrekin kotxean goazenean musika gaztelaniaz jartzen badugu eta familian albistegiak gaztelaniaz ikusten baditugu. 

Euskara  transmititzea bezain garrantzitsua da euskararen balioa ere transmititzea. Euskaraz aditzeko eta aritzeko aukerak eman behar  zaizkio haurrari.

Euskara transmititzea bezain garrantzitsua da euskararen balioa ere transmititzea. Euskaraz aditzeko eta aritzeko aukerak eman behar zaizkio haurrari. Euskarazko erreferenteak eskaini behar zaizkio. Gustuko duen hori euskaraz egin daitekeela ikusi behar du: euskaraz maitatu, abestu, haserretu, jolastu, jokatu, sortu… eta bere erreferente nagusi diren gurasoak ere euskaraz bizi direla ikusi behar du. Helduok euskarari tinko eutsita lortuko baitugu gure haurrek ere haurren zein helduen aurrean euskarari heltzea!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!