Geldotasunari gorazarre

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2026ko uztailaren 5a

Arnasa hartzeko tarterik gabe bizi garen honetan, bitxia da albistean irakurtzea kirol erronka erraldoi batek nola inongo errekor asmorik gabe eta «geldotasunari gorazarre eginez» irabazi duen saria. Dena esan behar bada, ez da marka makala, gero, lortzen bada. 

Nahiz eta bidaia sei halako kostako den, 4.000 euroko beka irabazi berriarekin Singapurtik Euskal Herrira pedalei «mantso» eraginez helmugaratu nahi omen du Azpeitiko Udalaren bultzadaz arabar gazte pareak. Beharko poliki egin. Nolanahi ere, aurreikusi duten 10 hilabete inguruko epea oso-osorik igaroko dutelakoan nago.

Ejem. Harritu egin nau albisteak darabilen hizkuntzak. Alegia, geldo eta mantso kirolean aritzeak. Are gehiago, minutu batzuk aurretik, antsiliotikoen kontsumoa gora doala irakurri ondoren beste berri batean. Garai honetan hala egokitzen den arren, bertan diote —ikerlariaren hizkuntzan—, gero eta gaitasun gutxiago omen dugula errudun sentitu gabe deskantsatzeko, opor egiteko... Bestela esanda, ekoitzi gabe egoteko, merezita irabazi dugun aldi batez. 

Ez da denbora asko kontzienteki ustez behar nuen erritmoan bizitzeko ahaleginean hasi nintzela. Mende erdia bete nuela-eta, neure buruari egin niezaiokeen oparirik hoberenetakoa izan zitekeelakoan ekin nion erronkari. Behin marka berriak botatzen hasita... Ahal dela, gainera, egiten ari garenaz gozatzen ikasiz. Ea zein instituziok ateratzen duen beka-deialdirik horretan laguntzeko. 

Harrezkero, zenbat aldiz jo ote didate bozina atzetik aurreratzean legezko abiaduran autoa gidatzen noala gustuko musika entzunez? Zenbatetan galdetu ote didate noizko beteko ote ditugun gehiegizko lan kargagatik burutu ezin diren plangintza estuak? 

Aitzitik, guk bezalakook —esaterako, etxetik kanpora lan egiten dugun etxekoandre amok edo pareko bizimodua duzuen edonork—, ondo dakigu, sobran jakin ere, lanak utzi ezean ez direla sekula bukatzen. Edo alferrik dela guretzat, hartu ezean, denbora librerik bilatzea egitekoak albora utzi gabe. Larrutik bizi dugulako jakin ere. 

«Beraz, oporrak izan ala ez, egin diezaiogun presari muzin»

Beraz, oporrak izan ala ez, egin diezaiogun presari muzin. Gainera, udako egun luze eta eguzkitsuek badute uneaz gozatzen laguntzen digun zerbait. Ez dakit, elikagai bereziren bat, magia bat... Ulertzen didazue. Bizi dezagun datorren hiruhilekoa gure hizkuntzan «poliki» hitzak bere baitan biltzen dituen adieretan («ongi-egoki-astiro»). Poliki pasa dezazuela uda!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!