PlaziDDDDaren lau D

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2026ko maiatzaren 2a

Idazle hark esan zuenez, hitzek lau erpin dituzte. Entzun orduko, jarri nintzaion adi-adi sukaldeko arraska ondoan utzi ohi dudan ontzi bustien lehortze-prozesuaren lekukoari. Alegia, telefonoaren (artean oraindik) erdi zipriztindutako pantailari.

Artefaktua literatura-saioko elkarrizketatuaren arabera, 4D omen dituztela berbek! Hori ere ba al dugu? —pentsatu nuen neurekiko—. Super botereak dituztela? Segidan zehaztu zituen laurak: ESANAHIA, SOINUA, IRUDIA eta KEINUA omen.

«Segidan zehaztu zituen laurak: ESANAHIA, SOINUA, IRUDIA eta KEINUA omen»

Entzun banuen entzun, halaxe hasi zen martxan nire hurrengo artikuluaren «josteko makina». Ttirri-tarra, ttirri-tarra... oraingoan ere, beti bezain jolasti eta ameslari. Hala, hasi naiz lehengaiaren bila betiko moduan. Aldi honetan, ideiari tira eta tira, galtza barrenen hari muturrari nola, oihalik gabe geratzeraino. Nahikoa harirekin, beraz, soineko berriari ekiteko.

Behin artikuluaren gaia zehaztuta, ale honetakoa nork gorpuztuko zuen banekien. Bai, urtebetetze borobilean neurrira egitea merezi duen andreak. Ba ote zituen izenaren grafiako D-az gain beste hiru gehiago, ordea, Otañok? Baieztatzekotan, ikerketari ekitea beste erremediorik ez zegoen. 

Prozesu artisau honen lehenengo lana paperean hasten dela-eta, izena idazteari ekin nion, hizkiz hizki. Begi bistako D bakarduna, ahots gora esan orduko piztu zen magia: txas! SOINUAren superbotereak dantzan jarri zituen «pla», «zi»... Hots; letrak fonema bilakatu ziren, eta soinuak hoskide. Plazida, plaza eta andre: plazandre...? Ez dakit, ba.

Hastapen haietan, IRUDI bakarrarekin zabaldutako argazki albuma ere majo puztu da 10. urteurrenerako. Ene, bada. Zenbat ahalmen erraldoi dituen irudimenak. Horietatik asko Altunaren ilustrazioen laguntzarekin indartuak. Eta, nola ez, Iguaranen artearekin sortutako oihartzunari esker plazaratuak. Gainera, joan den asteko urtemugarako beste horrenbeste oparitu dizkigute Hernandorenako lagunek sustraietara joz jasotakoekin.

ESANAHIAren kasuan, berriz, polisemiko izateraino da boteretsu gaurko protagonistaren izena nahiz izana. Bestela nola defini daiteke hitz beraren hainbeste ordain, 1867an jaiotako 'alaba' hura, Zizurkilgo udaletxeko gela batean zegoen nesken eskolan 'neska' tituluarekin gerora 'zortzi seme-alaben ama', 'andre', 'bertsolari' izatera iritsi bazen. Eta hori gutxi balitz, 2016az geroztik, baita 'plazako liburutegi' ere. Herriko eta kuttun izenlagun banaezinak alboan.

Badator azken D-aren boterea. Harilkatutako soinekoari errematea egin nahi diona. Arraska ondoko etxekoandre honen pantailan agertu zen KEINU txiki huraxe. Ezustean, «Pipi!»-ka sartu zen arraskako pantaila (ordurako erabat blaituan). Eraman dizkit berriz diz-diz begi-niniak argi urdinera, eta: goitik ageri da igorlea. Plazidako irakurle-taldetik: iritsi dira Daneleren liburuak maiatzeko literatura tertuliarako. Ezin da amu boteretsuagorik bota honaino irakurri duzun horri. Ospa dezagun beste hamar urtez liburuaren eguna. Zatoz beste norabidean ere, plazatik Plazidara! Bertan aurkituko gaituzu, tertuliarako prest.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!