Aro berria

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2025eko abenduaren 7a

Aro berria al da euskal zinemarentzat? Argi dago aurten urte oparoa izan duela. Begi bistakoa da:

Wikipediaren arabera, 1993tik 2005era bitartean ez zen fikziozko euskarazko film luze bakar bat ere egin. 2025ean, aldiz, sei zenbatu daitezke gutxienez: Jone, batzuetan, Aro Berria, Maspalomas, Gaua, Faisaien Irla eta Karmele. Bakarra dut ikusteke. Ez da karteldegian jarri zaharra. Aro Berria, hain zuzen ere. Aurki espero dut, beraz, Gurean.

Azkenaren faltan beti ere, baina esan daiteke ziur; bai, aro berria da. Adineko gizon homosexual baten sexu askatasunaren galera kontatzen du Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren filma berriak. Zinean gutxi landutako gaia bada, euskarazko zinemarentzat mugarri bat da Maspalomas.

Gainera, esan daiteke, kopuru eta gai aldetik baino gehiago sentsazio aldetik bizi dugula oparotasuna. Zinemagintzan jendea aktibo dagoen sentipena dugu. Suma dezakegu. Eta hori ona da. Zinegileak idazteko gogoz egotea; edota, produktoreek ekoizteko gaitasuna izatea; bada, mundiala da. Egarriz dago zinemagintza euskaraz ere.

«Zinegileak idazteko gogoz egotea; edota, produktoreek ekoizteko gaitasuna izatea; bada, mundiala da. Egarriz dago zinemagintza euskaraz ere»

Sara Fantova zuzendariaren Jone, batzuetan ikustera joan ginenean, antzekoa izan zen sentsazioa. Gaiari dagokionez, helduarorako trantsizioa erakutsi nahi duen film gordina da, Baina berria azken hau ere. Zertan? Bada, batez ere, maitemintzeko modu hori pantailaratzean. Behingoz! Bazen garaia.

Berritzaileena, ordea, zuzendariaren desira egin zaigu. Aurrerantzean ere lan egiteko modu berarekin jarraitu nahi omen du. Lagunekin kolaborazioan. Jakina, non eta hemen. Ezin da etorkizun oparoagorik amestu.

Beraz, zuzendari gazteak ere Etxebetearen ildotik darrai. Hau da: zineman lan egiten duten emakumeak biltzen dituen lan-eremu intimoaren bide zidorretik. Gertuko bide ertzetatik. Aipatutako eraikinak laguntzeko ekimenak hartzen ditu bere aterpean. Eta, nola ez, esan gabe doa, baina talentu berrien euskarazko sorkuntza zinematografikoa sustatzen du. Grabaketetatik bertatik hasita hizkuntza nagusia taldean euskara izan ohi da Bilbo erdialdean kokatutako etxe beroan. Bi hitzetan, emakumeok behar dugun elkartzeko toki lasai bat. Segurua. Espazio bat non normalean hitz egiten ez ditugun gauzez eroso ari omen daitezkeen. Hala entzun nion behintzat Lara Izagirre andreari, behinola; eta hark badio... egon ziur horrela izango dela.

Esandakoak esanda, ordea, ez gaitezen despistatu eta azter dezagun zer-nolako euskal zinea egiten den. Urte oparoa izan da? Bai, baina... Gauza batzuk ez dira aldatu. Lehenean jarraitzen dute. Zerk diozu? Ikusleen zenbakiek. Hortaz, zatoz Gureara. Ikustagun Aro berria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!