Aukera berriak

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2025eko urriaren 4a

Onar dezagun oraindik ulergaitz zaigula hainbat gorputz eta identitate logika bitarretik at. Eta ez da harritzekoa. Izan ere, hain dira gutxi plazaratzen diren ereduak gure herri eta auzoetan. Ondorioz, harriduraz edota, are, deseroso ere sentiarazten gaituzte. Horren lekuko dira, esaterako, gorputz guztiak normalizatzeko baliatu nahi diren Zizurkilgo jaietan ikusitako Labarren moduko musika talde ekintzaileek nahiz ikasteko aukera hezitzaile gisa proposatutako Bernedoko dutxen eta komunen gisako espazio mistoak. Zenbat azkura sortu duten.

Itxura guztien arabera gorputzen hizkuntza, halako jarrera oldarkorrek erakutsi ohi duten eran, aipatutako bi kasu zehatz horietan ere ondo baino hobeto ulertu delako seinale; nola kontzertuko izotz-jaurtitzailearenean, hala udalekuetako guraso salatzailearenean. Alegia, argi ikusi dela, batean zein bestean, min egin diela. Ondorioz, biak ala biak, bizikidetzaren ikasprozesuaren kalterako baino ez diren gertakari mikatz bilakatu zaizkigu. 

Nolanahi ere, zergatik ez baliatu tokiko gatazka txiki (eta ez haatik garrantzirik gabeak) horiek sistema binarioa zalantzan jartzeko aukera berri moduan. Gainera, pentsatzekoa denean, gehientsuenon kasuan, gaur egun nahiko natural-edo ibiliko garela, adibidez... ingurune hurbilean ditugun espazio komunetan. Hots; seguru asko, inolako bereizgarririk gabe darabiltzagula, esaterako, etxeko komunak hainbeste asaldatu gabe. Bai, behintzat, bakarra dagoen etxeetan. Buruhaustea, sortzekotan ere, bat baino gehiago dituztenei sortuko zaie. 

Aldiz, aztertu dugu zer egiten dugun etxetik aurreraxeago? Akaso, batzuon kasuan lantokikoak ere halatsu erabiliko ditugu; eremu misto gisa. Baina zer gertatzen da gure herrietako plazetan eta tabernetan? Hasi gara eremu ez mistoak deseraikitzen? Edota kiroldegietako dutxetan...? 

Ejem. Goazen poliki-poliki, eta gatozen lurrera. Bai baitakigu zenbat begiratu erasotzaile kostatzen den oraindik ere genero ikurrekin bereizten diren hainbat eta hainbat komun publikoetako ilaratan. Nola begiratu izan digute, zain egon ondoren, eta txandaren hurrenkera zaindu arren, itxuraz ez dagokigun gorputzaren ikurdun atea zabaltzen dugunean? Beraz, pentsa dutxetan... 

«Jakin badakigu Euskal Udalekuen auziaren kasuan oso tentuz ibili behar dugula. Adin txitxikoak tartean egonda, nola ez. Nahiz eta badudan susmoa hainbat eta hainbat gustura ari dela, eskuak igurtziz, parada hau mezu transfoboak (eta euskarafoboak) zabaltzeko»

Are gehiago. Jakin badakigu Euskal Udalekuen auziaren kasuan oso tentuz ibili behar dugula. Adin txikikoak tartean egonda, nola ez. Nahiz eta badudan susmoa hainbat eta hainbat gustura ari dela, eskuak igurtziz, parada hau aprobetxatzen mezu transfoboak (eta euskarafoboak) zabaltzeko. 

Ezinbestean dagokigu etengabe ikasten jarraitzea identitate eta gorputz guztientzat toki seguruak eraikitzeko ikasgaia gainditzeke duen gizarte honetan. Beraz, aukera berrien aurrean egin ditzagun galdera berriak:

Adibidez, udaleku «itxietako» kasuak niri bakarrik gogorarazi al dit, nola behinola gure herriko udaleku «irekietan» antzerako urrats hezitzaileak egin zirenean, zenbat guraso asaldatu zen? Tira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!