M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2025

Mimosaren seinaleak

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2025ko mar. 7a, 07:57

Oraindik neguan gaude. Ez gaitzala despistatu mimosak. Neguko lorea izaki, urtean bi hilabetez soilik ikusiko dugu loratuta; otsailean eta martxoan. Teorian. Azken urteetan, gure etxe inguruan, urtarrilean, ordea.

Eguratsa epeltzen hasten denean lehertzen baitira hain bereizgarri diren kolore horiko lore txiki, biribilak. Zuhaitzak 30 metro neurtzera irits daitezke urte gutxiren buruan. Gainera, lore ugarikoa denez, neurtzen duena baino handiago zaigu begietara. Nonbait, superbotere hori ematen dienak soineko horiaren dirdira eta usain sarkorra dira. Biak. 

Era berean, besteak beste, bere erruz pizten gara «udaberriko alergia» dugunak, negua hasi orduko doministikuka jarriz. Aurten ere, zazpi egun kosta zaigu polen-hautsaren eragina hotzeria ez zela ohartzen. Tira, sikiera astebetez atzeratu genuen urtarrilera aurreratutako lehengo udaberriko antihistaminikoaren kontsumoa. Despiste txikia inondik ere; baldin eta aintzat hartzen badugu bikoiztu egin dela farmakoa hartzeko denboraldia. Izan ere, nahiz eta gaitz honi aurre egiteko tratamendua alergenoarekiko kontaktua saihestean oinarritu, zaila da ekiditea polenarekiko kontaktua, honen kontzentrazioa handitzen den egunetan azalera handian barreiatuta eta airean ikusezin egoten baita. Biztanleriaren % 15, gutxi gorabehera, alergia kasuren batek eraginda egongo da datozen hilabeteetan. Atera kontuak.

Oraindik ere Hernio magaleko garren ajea gogoan, hara non irakurri diodan mimosak sutan daudela Gutun Zuria sariketaren irabazleari gaurko [igandea] artikuluan. Bordaren idazkera poetikoa nola, gertaeraren lotura eta zentzua hala josi dira pentsamenduan: lurra hartzen zuen trantzeak: erre-usain azukratua eta mimosa-lilien perfume mikatza, biak, harmonikoki nahasten ziren, naturaren suntsiketa eta honen berrosaketa olde berean laburbilduz etorkizuneko uzta nasaiak segurtatzeko! 

«Finean, hitz horien antzera, dotoreziarekin, samurtasunarekin eta adiskidetasunarekin lotzen omen da, askotan emakumearen energiaren sinbolotzat ere ba omen dena»

Finean, hitz horien antzera, dotoreziarekin, samurtasunarekin eta adiskidetasunarekin lotzen omen da, askotan emakumearen energiaren sinbolotzat ere ba omen dena. 

Eta, nola ez, biharko egunez ikur gisa munduko toki askotan izatea ere horren seinale, mimosa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!