Soseguzko bizimodutik urrundu nahi gaitu sistemaren presioak. Eguneko ordu bakoitzaren minutu guztietan gure izatetik gero eta distantzia handiagora egiten dugu salto. Noraino? Libre esaten diogun denbora leporaino bete arteko onik ez dugu. Pentsa: lasaitzen ikasteko yoga-ikastarora korrika eta presaka joateraino; edota aisialdiko korrika-saioan denborari aurka eginez, amaierarik gabeko neurria hartu nahi izateraino.
«Soseguzko bizimodutik urrundu nahi gaitu sistemaren presioak. Eguneko ordu bakoitzaren minutu guztietan gure izatetik gero eta distantzia handiagora egiten dugu salto»
Paradoxak paradoxa, horren lekuko da baita ere sasoia aurreratu nahi izatearen ezinezko ahalegina. Ondo dakigun bezala, urtetik urtera gero eta goizago hasten dira Gabonetako produktuak saltzen. Aurten, irailean ikusi nituen lehenengoak. Zoratu edo? Halaxe, era berean, gurpil zoro horretan beste adibide andanarekin batera, hor dugu dagoeneko urtaroz aldatu den maiatzeko Euskaraldiaren iragarkia ere. Ene bada, iritsiko ahal da, e!
Bestalde, artikuluaren hariari tiraka, jakin dut Denbora Aurrekontuen Inkestak (DAI) biztanleen gizarte ohiturei eta eguneroko bizitzari buruzko informazio zehatza ematen duela, horiek egunean duten denbora erabiltzeko ikuspegia aintzat hartuta. Banaketa (edo aurrekontua) egun oso bateko jardueren artean egiten da. Eragiketa horren bidez gizarte azterketa egiteko informazio erabilgarria lortzen da. Hala eskura ditzakegu, beraz, esaterako, hau bezalako datuak: zertan pasatzen dugun denbora gehien eta zertan gutxien.
Nire sorpresarako gehien pasatzen omen dugu zainketa pertsonalean. Gero, zehaztapenak irakurrita, argiago ikusi dut, jakina. Norberaren mantenu eta zaintzarekin lotutako jarduerak dira, hala nola: jan, lo egin, garbitu, medikuarengana joan, sendotu, masajea hartu, ilea moztu edo janaurrekoa hartu. Aldiz, gutxien, berriz, etxeko lagunen zaintzan. Gure inguruan ikusitakoak ikusita, hori bai ez nuela asko espero, hara.
Orain bai, datu horiek hobeto ulertzen laguntzen didate batzuek lau eguneko lan-astearen errendimendua ikertzen diharduten bitartean, beste batzuk lantokian lo egiten dutela etxeko langile gisa. Izan ere, legezko lanaldia 16 orduz luzatu daitekeelako, «egote-aldia» dela medio. Nahiz eta asteko gehienezko lanaldia 40 ordukoa izan, arauak baimentzen omen dio enplegu-emaileari eguneko 8 orduko ordaindu gabeko egonaldia inposatzea. Ez al zen nahikoa eguzkia irten eta sartzea?