'Azken erromantikoak' lehian

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2024ko ira. 27a, 07:58

Pozteko lehia da egunotan Donostian bizi dena, eta datozenetan Polonia aldean bizitzear dagoena: bi aldiz lehiatuko baita, oraingoz, euskaraz errodatutako filma jaioberria. Zinemaldian New Directors sailean lehiatu eta segidan parte hartuko du David Perez Sañudoren Azken erromantikoak lanak Warsaw Film Festival jaialdian.

Urriaren 11tik 20ra bitartean ospatuko da zinema jaialdia Poloniako hiriburuan, eta zinemagileen lehen eta bigarren lanei tokia egiten dien Competition 1-2 sailean egongo da ikusgai. Gasteiztarrak Marina Pares izan du oraingoan ere bidelagun. Elkarrekin egokitu dute Txani Rodriguezek gazteleraz idatzitako Los últimos románticos eleberria.

Gure kasuan lortu dugu sarrera pare bat Azken erromantikoak ikustera joateko aurtengo jaialdian. Agortu egin dira, gainera! Ze poza. Ikusi berri dugu eta gure etxeko ikusle-saria bereganatu du dagoeneko. Ene, bada! Zenbat hari-mutur, zenbat gertakari txiki-handi, zenbat malko(/euste)... Zorionak lan-talde guztiari! (Eta bikain, Miren Gaztañaga!). Bide batez, azpimarra egin nahi genioke, hizkuntzen arteko jauziei. Naturalak izan dira gaztelerazko sekuentzia-tarteak, baina euskarari bere tornuia lapurtu gabe.

Ondo dakigu askoz presentzia txikiagoa dutela euskarazko filmek eta azpidatziek zinema-areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Kopuru hori handituz doa pixkanaka, hainbat eragilek azaldu izan dutenez, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik. Gainera, zinemetan estreinatzen diren filmak gero streaming plataformetara iristen direnez, ezinbestekotzat jo behar dira euskarazko filmak hizkuntza gutxituaren normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko; herritarren berdintasunean sakondu dadin; eta, zergatik ez, euskarari etorkizun duin bat ziurta dakion. Are gehiago euskarazko fikziozko filma eskaintzen denean, kontsumitu egiten bada. Iaz, adibidez, Irati ikusle gehien bildu zituztenen artean egon zen, Barbie eta Oppenheimer filmen pare. Atera kontuak.

 

«Hala ere, ez dezagun uka. Erromantikoagoa litzateke euskal zinemaren paradisua, pelikulen sukalde-lanak euskaratik egingo balira»

 

Hala ere, ez dezagun uka. Erromantikoagoa litzateke euskal zinemaren paradisua, pelikulen sukalde-lanak (esaterako, ekoizpen-prozesuan edota grabazio-garaian) euskaratik egingo balira. Azken batean, lan-munduan oro har barreiatuta dagoen gatazka berak zipriztintzen duela esparru honetako eremua ere. Bestela, ez ziren horren lekuko izango gure herrian azken udaldietan entzundako bizipenak. Zizurkilen, noiz eta zinemako lokalizazio bihurtu zaigun honetan, aurten ere gazteleraz errodatzen entzun ditugu Irabazi arte telesaileko lan-taldekideak. Horiei, ordea, lehen gutxi ez eta oraingoan gremio-kide gehiago erantsi behar zaizkie: joan den ekainean PM. Otañori buruzko metraje luzeko filmaren errodajean aritutakoak.

Gure gusturako gehiegi ilundu du Errekalden bertsolariaren jaiotetxeko intxaurrondoa Pampako Ombuaren itzalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!