Estetika arauak

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2024ko eka. 29a, 07:58

Iritsi zaigu itsasora sartzeko sasoia. Eta horrekin batera baita aurreko lanak egin beharra ere: ileak kendu, besteak beste, gutxienez. Izan ere, arau sozial guztietan bezala, honetan ere bete ezean indartsu behar da aurre egiteko. Baina noiztik dator arau hau?

Adituen arabera, erromatarrek ere ba omen zuten gorputz osoko biloa kentzeko ohitura. Hasieran higiene kontua omen zena inperio osora zabaldu zen, klima hotzagoetara, beste ñabardura batzuekin. Gainera, gorputzeko ileak banan-banan kentzea lan mingarria eta luzea zenez, ahal zutenek, esklaboen laguntzaz egiten zuten. Depilatuta egoteak «barbaroengandik» bereizten omen zituen erromatar hiritar zintzoak. Estetika eta estatusa.

 

«Depilatuta egoteak 'barbaroengandik' bereizten omen zituen erromatar hiritar zintzoak. Estetika eta estatusa»

 

Horren ondorioz aurkitu zituzten iaz Ingalaterrako Worxeterko indusketa-lanetan, erromatar garaiko depilatzeko 50 pintza baino gehiago. Arraioa! Erraz esaten da, gero; pintzekin banan-banan!

Nolanahi ere, orduko higiene arrazoietatik gaur egun muturreko garbitasuneraino makurtu gara itsu-itsuan; estetika arau zurrunetara, alegia. Hala, ileetatik urrunago goaz, azken batean, garbitasunaren afera usaimenera, izaerara, zuritasunera, eraman arte.

Gehienon esanetan, sineskeria batek dio ilerik gabe usain gutxiago dugula, batez ere besazpiko edo pubiseko ilea kenduta. Gure gorputzak, ordea, izerdia sortzen jarraitzen du eta feromonak hobeto askatzen dira ilea dagoenean. Usainagatik depilatzen zarenetakoa bazara, desodorante idorrak edo aluminiozko harria bezalakoak gomendatzen zaizkigu, usaina pixkanaka-pixkanaka desagertzen joan dadin.

Beraz, ileak kenduta egiten diogu geure buruari ikusi ere egiten ez ditugun hamaika zauri, Ph aldaketa... higienearen izenean. Eta erabiltzen dugun teknika erabiltzen dugula ere, beti azala urratu eta lehortu egiten da. Beraz, sentsazio hau ekidin nahi badugu, denboraldi batez bada ere, utzi diezaiogun depilatzeari.

Hots; ileak hazten uzteak gure gorputzarentzat hainbat abantaila dituela. Gu babesteko daukagu. Orduan zergatik depilatzen gara?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!