Ahots berriak

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2024ko urt. 26a, 07:58

Gorkaren izenarekin berpiztu den ahotsaz batera isildu da Idirinena. Aste berean eta euskal mainstream iharraren hegalean. Alegia, oharkabean, ia-ia.

Sarri, hil ondotik ulertzen ditugu euskal emakumeen kantugintzaren transmisioan hain garrantzitsuak diren izenak. Kasu honetan ere halatsu izango da, agian, zuretzat.

Ibilbide oparoa izan zuen musika munduan Maitek. Asko abesten zuela-eta, amak erosi omen zion gitarra batekin ekin zion bideari. 1968an, Durangoko Azokan egon ostean, garaile atera zen Eibarko kantari sariketan Estitxurekin batera eta Hego Euskal Herri osoan zehar hasi ziren emanaldiak egiten. Frankismopeko urteetan, euskal kulturaren aldeko jardunaren albo kalteak hurbiletik bizi izan zituen musikariak.

Lan-bizitza utzi eta orduan herrigintzan kantuz saiatzeak zeuzkan arrisku guztiekin horretan murgildu zen. Berehala ordaindu behar izan zuen aukerazko militantzia hura: Espainiatik ihesi atera beharra, eta Frantzian astero poliziaren bulegoetan aurkeztu beharra bi urtez. 1973an bueltatu zen Euskal Herrira eta Paristik maleta ez-ezik, feminismoaren baloreak eta ezagutza ere ekarri zituen.

 

«1973an bueltatu zen Euskal Herrira eta Paristik maleta ez-ezik, feminismoaren baloreak eta ezagutza ere ekarri zituen»

 

Horren lekuko da, besteak beste, 1979ko diskoa gaur egun oso modan dagoen kontzeptuarekin izendatu izana: Ahizpatasuna. Antza, orduko mugimendu feminista paristarrak kutsatuta-edo.

Harekin batera baziren euskal kantagintzan emakume gehiago ere; Estitxu edota Lurdes Iriondo, esaterako. Bazekiten zerbaiten hasieran zebiltzala. Bistan da haiek ere feministak zirela. Bestela nola iritsi kontzientzia hori gureganaino?

Zorionez, orduko izen emari urriak oparoxeagoa izan du segida. Gainera, nahiz eta ez dugun oraindik etorkizuneko herriko enparantza eta kale berriak izendatzeko lain izen, egungo ahotsak moldatu egiten dira isildu bainoago. Adibidez, emakume-izena kamuflatuta duen LIHER rock-taldeak oraingoz agur esatearekin batera, proiektu berriaren jaiotza iragarri zigun Hernandok BELErekin. Gaitz erdi.

Artikulua amaitu aurretik, ordea, jakin-minez, zenbaki batzuk ateratzeko neurgailu txiki bat jarri dut martxan. Aste honetako Badoken atariko azken kantuak arakatuta, BELE jaioberriaren ondoan ageri dira ANIME PERDUTE, J MARTINA, IBILBEDI eta HAIZEA HARRIEN KONTRA hamarreko txokoan. Hamarretik bost. Bikain! Uix, ez, barkatu: nahiko. Ia erori nintzen tranpan ni ere. Hurrengo astean iritsiko al dira erdira? Eta hemendik bi astera?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!