indar(t)SU

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2023ko azaroaren 19a

Gaurko lerroetan bidaia luzexeagoa egingo dugu. Goazen nitik zura, zugandik barrena indar gehiagoz guragotzeko, alegia. Zuk ere, baduzulako GUretzeko aski indar. Indar(t)SU halakoa, irakurle hori!

Emakume bazara, jakin badakizu indarra zure larruan gordin-gordin probatu duzula, jasan. Ondorioz, baduzu beldurrez isildu behar izatearen kontra zer esan. Nola ez. Indarkeriaren aurkako armarik behinena, suzko hitza delako. ZUzkoa. Esatearen indarrak egiten du zu indartSU.

Beldurrez isildu behar izan dugu, ordea, behin eta berriz. Isil-eremuetan, gorputza eta boterea gurutzatzearen ondorioz, beti da gogorra maskulinitatearen indarraz hitz egiten hastea. Hala ere, egin ezean, gaur eta hemen, emakume izatea feminitate eredugarriaren baitan bizitzea da; hau da, pertsona ez buru(jabe) eta gorputz jabe izatea.

Beraz, hitz egin dezagun jasandako nahiz eragindako indarkeriei buruz. Zer diozu? Gogorregia, ezta? Nahiz eta jakitun izan samurrago hasteak mikatz puntu gozoagoa ez diela zertan erantsi gordinak diren hizketagaiei, erraztu daiteke alabaina hainbat pintxo-potetako hizpidea. Nola? Esaterako, hilaren 25aren (emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren) ingurumarian hainbat egitarautan proposatu den ekitaldiak mahai-gaineratuta. Axaletik larrutik baino lasaiago ote den, bada.

Zer iruditzen solasaldiak bixigarri pixka batekin hasiko bagenitu? Piperrautsa izan ohi da osagai ezinbestekoa horretarako. Ea, adibidez..., hori da! Honek ez du huts egiten hautsak harrotzen hasteko: nola zertarako autodefentsa feminista tailerra? Alajaina! Egunero jasaten ditugun eraso sexisten aurrean erantzun bat emateko!

Emakumeon kontrako indarkeriaz dihardugunean, telebistan aipatzen diren emakumeen erailketa edo bortxaketak etortzen zaizkigu gogora. Hala ere, ekintza bortitz horiek izebergaren punta baino ez dira. Aitzitik, indarkeria matxistak hain nabarmenak ez diren eta sotilagoak diren moduak ere baditu menpekotasunak bere horretan irauteko. Neska-laguna/emaztea uneoro non eta norekin dagoen jakin nahi izatea, zein arropa edo norekin ibili behar duen esatea, debekuak, edota itxuragatik edo emakume izate hutsagatik iraintzea, kasu.

 

«Jarrera sexistak identifikatzea eta onartzea ere autodefentsa feminista, aktiboa eta iraultzailea delako. Ala? Zer diozu?»



Badagokigu esan eremuan aritzea. Ahal den heinean, gainera, plaza txikian, eta gure hizkeran, hizkera kaletarrean, isilik dugun hori ateratzea gure ingurune hurbilean: etxean, harreman sexual nahiz afektiboetan, kolektiboetan... Jarrera sexistak identifikatzea eta onartzea ere autodefentsa feminista, aktiboa eta iraultzailea delako. Ala? Zer diozu?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!