Azkar eta ondo, usoak hegan

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2023ko ekainaren 17a

Jakin badakigu transmisioan jasotako atsotitzen bidez hobeto ulertzen dugula gure arbasoek ikusten zuten mundu hura. Alegia, gure herriaren pentsamenduan barrena bidaiatu genezake ele zaharrei esker. Baina ulertu ahal dugu ezer?

Esaera zaharraren arabera, azkar eta ondo usoek bakarrik egiten omen dute; zer eta hegan. Eta esaera berrien garaian, azkar eta ondo ez ezik, azkar, ondo eta asko ere egitea xede duen gizartea eraiki dugu. Akaso, hegan ikasi usteko esperantzan, gainera.

Era berean, beraz, mende batean zahar bihurtuko diren ele berriak sortzen dihardugun gaur honetan, hitz horien moldaketak aztertzea egokituko zaie gure ondorengoei.

 

«Gauzak horrela, lerro hauen bidez, jolas gaitezke hitzekin eta proposa dezakegu esaera zahar berriaren moldaera osoa. Alegia, gure egungo errealitatea aintzat hartuta, etorkizunekoei mundu hau ulertzen lagunduko diena»



Gauzak horrela, lerro hauen bidez, jolas gaitezke hitzekin eta proposa dezakegu esaera zahar berriaren moldaera osoa. Alegia, gure egungo errealitatea aintzat hartuta, etorkizunekoei mundu hau ulertzen lagunduko diena.

Gizarte turbo honetan azkartasuna bizitzako eremu guztietara zabaldu dugu, kasik konturatu ere egin gabe. Janaria, osasuna, lana, sexua, heziketa, aisialdia… guztia da ona, arin badoa. Alferrik galduko dute denbora gu lezionatzen slow —mantso— bizitzearen aldekoek. Izan ere, barraskiloen konpasean nekez lor daiteke abiadura handiaren plazera salgai dugun erakuslehio digitaletan ikusgarritasuna.

Laster, opor egiteko parada dugunok —egokitzapeneko desazelerazio egunen ondotik— bidaia dezagun gure mundura eta etzan gaitezen pentsatzeko txokoan. Ea gai garen patxadatsu gure esaera berria asmatzeko. Badugu denbora oraindik ere hegan dakien usoari gure erruz ahaztu aurretik. 3, 2, 1:

Azkar, ondo eta asko...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!