Zuzeneko emisioa. 07:15ean, hara non (Donostiako Alde Zaharreko Narrika kalean) gerturatu zaion kazetaria hitz eske danborra joaz dabilen adineko emakumeari. Ustez ez zuen jaiki zaharra behar hain goiztiar dabilenak, baina entzundakoak entzunda, apenas hartu duen etzateko denborarik eguna argitu aurretik. Honelaxe kontatu du hitz-jario patxadatsuan:
«Atzo gauean? Noski ospatu genuela. Etxean, baina ibili gara parrandan. Ordu bata jota erretiratu gara. Gero, bilobari biberoia emateko jaiki naiz aurrena. Eta 05:00etan, gora berriro! Hona ordurako etortzeko. Izan ere, urruti samar bizi gara eta denboraz ibiltzea gustatzen zait».
Zer pentsa sortu zidaten hitz haiek. Gure bizi-martxaren erritmoari so jarri ninduten. Are, artean ondu gabe nuen artikuluari eragiteko parada eman zidaten. Izan ere, zulo sakonean errepikatzen den soinua nola, halaxe ibili zen hausnarrean egun osoan zehar emakume haren hitzen oihartzuna nire kaskahezurrean. Han-hemenka danbor-hotsak entzun ahala, burura zetozkidan egun guztian zehar.
Hala, irudikatu nuen aitona bilobarekin geratu zela, artean erretiratu zaharrak izango ez ziren guraso gazteak umea jasotzera eguerdi aldera-edo iritsi bitartean.
«Hala, irudikatu nuen aitona bilobarekin geratu zela, artean erretiratu zaharrak izango ez ziren guraso gazteak umea jasotzera eguerdi aldera-edo iritsi bitartean»
Segidan, handik hurrengo egunean, Atariaren bertso-saioan ere tankerako gaia oholtzaratu zen. Uhin bertsuan, baina oraingoan beste martxa batekin. Agirre gai-jartzailearen esanetara kantatu zuten aitona «lanetan» aritzen zen Jexux Mari aitaren eta haren alaba Alaiaren doinu eta errimekin. Gu ere entzuleen artean izaki, nola ez, bertsoak artikulu honen egilearen radarrera itsatsi ziren.
Ariketa bizia eta esanguratsua osatu zuten hirurek. Gaitik bertatik hasita, bertsoak berezkoa behar duen funtzioa betez, esango nuke bat baino gehiago deseroso utzi zutela oporretara atseden bila Andaluziara joan nahi zuen aitonaren ahotik Irazuk botatako bertsoek. Hala, ba, ireki usteko alaba apuru bizian jarri zen aitonarik gabe ezingo zelakoan moldatu umeen zaintzarekin.
Lehen emakumeek eramaten zuten etxeko martxa. Orain, ordea, etxean ez ezik etxetik kanpo ere aritu behar izaten dugu. Martxa honetan, beraz, ez harritu gure super aitona-amonek gugandik ihesi, urrunera, martxa egitea.