Zer erremedio!? Berriz ere gure bizkar beharko du ahaleginak; bai, behintzat, tranpatan eta gu noiz nekatuko zelatan ditugun arduradun nekaezinak hartu nahi ez dituzten neurriak hartzera eragin artean.
Oraingoan, urrats praktikoak emateko ariketa bat proposatu zaigu; ahal dugun heinean, eginean ekitea, edota ekiteko aukerak sortzea. Non-nahi eta zenbat nahi den eragin izaten da gakoa; beti ere indar eta aldartearen arabera, ariketa erraldoiari gure aletxoa jarriz.
«Berriz ere gure bizkar beharko du ahaleginak; bai, behintzat, tranpatan eta gu noiz nekatuko zelatan ditugun arduradun nekaezinak hartu nahi ez dituzten neurriak hartzera eragin artean»
Ondo hasi dugu. Txapa ez daukat eskuratzerik arratsaldeko 17:00ak arte. Betiko etiketarekin ekingo diogu, hortaz: goizean goizetik euskaraz, ez da hotzari aurre egiteko ariketa egokiagorik! Bagoaz.
Ekin diogu 1: (2 #ekinaukera).
Adunan. Saltoki handi batera enkargutan. Kaxan, 30 urtez azpiko langilearekin sokatira: nire aldera soka ekinaren ekinez. Berak gazteleraz. Azken agurrari euskaraz erantzun dio! (Esan gabe doa lehenengo agurra zein hizkuntzetan egin duen).
(2. #ekinaukera)
Adunan. Saltoki bereko aparkalekuan, norbait deika atzetik. Biratu eta Lizartzara Portugaldik etorri zaharra ez den euskaltegiko ikasle ohia. Agurtu. Bi muxu. (Nik) erritmo mantsoan euskaraz ekinez, amaierara arte eutsi diot(gu) elkarrizketa elebidunari.
Ekin diogu 2: (#ekinaukera bakarra).
Kuadrillako afarian gaztelerara jauzika, ez behin, ez birritan, dabilenari esatea euskara gure mahaian behar dugula sorioneku izateko; ez museoetan.
Ekin diogu 3: (#ekinaukera bakarra).
Asteasun, gaur, lasai. Okindegian ez zegoen oraindik gazteleraz bakarrik ikasi duen Portugaldik etorri berria den langilea. Hau ere Portugaldik, hara. Zaharrak berri.
Ekin diogu 4:(#ekinaukera bat gasolindegian).
(Artikulua entregatu behar dudan egunean) ez dut jantzi atzo jantzi nuen berokia. Txapa etxean utzita (ahaztuta?) atera naiz kalera astelehenarekin. Horregatik rola aldatu gabe, eutsi egin diot gureari, inoizko ahomantsoen bada ere, deskontu txartela egiteko eskaintza gaztelaniaz egin didan langilearen aurrean. Ulertzen ez zidanez, Nortasun Agiria eskatuz amaitu du inprimakia; betetzeko behar zituen datuak irakurriz eskuratuta.
Eta horrelaxe jarraituko dugu. Orain, egunez egun, gutxienez beste 15 #ekinaukera probestuko ditugu. Hemengo hizkuntza entzuteko prest dauden eta ez dauden belarriei oraindik ere gatazka baten erdian gaudela aho bizi erakutsiz. Eta aurrera begira, hamabostaldiz hamabostaldi, segida emanez ere bai beste bi mila urtez iraun nahi badugu.