Beraz, izan hasteko, ala izan ikasteko, konpromisoei, desioei, eta ametsei heltzeko abiapuntu egokian gauden honetan, ez da kasualitatea euskaltegietan ere irailean zabaltzea euskara ikasteko matrikula-garaia.
Gure eskualdean helduen euskalduntzea ere, nola ez, bada ikasturteko erronka, estrategikoa oso, gainera. Izan ere, inoiz baino herritar gehiago hurbildu da azken ikasturteetan euskara ikastera. Oraingoan ere ziur horietatik askok berrekingo diotela euren ikasprozesuari, eta batuko zaizkiela lehenengo urratsa ematera ausartuko diren beste hainbat eta hainbat.
Horiek horrela, bertan euskaraz bizi nahi dugunok ere badugu zer egin, inguruko laguna, lankidea, auzoa edo familiakoa euskalduntzera akuilatuz.
«Desafio berriak ditugu aurrez aurre. Gutako bakoitzari dagokigu gure alea jartzea. Elkar hartzea eta euskara ikasten ari diren herritarrengandik gertu izateak, ahaltsuago egingo gaitu, hiztun aktiboak behar dituen Tolosaldean»
Norberak atzemango ditu argudio egokienak, baina gure elkarrizketetan gaia mahai-gaineratzeak merezi du. Are, euskara ikasten ari direnekin, badugu bidelagun funtzio bat hobeki asumitzeko ardura ere. Gure jarreren bidez motibatu ditzakegu. Nola? Bada, nork bere neurriko helburu lorgarriekin:
· Harremanetan irekiak izanez: gurekin mintzatuz ikasiko dute eta hiztun komunitateko kide sentituko dira.
· Euskara maila egokitu dezagun: hiztegia erraztuz, esaldiak laburtuz eta hitz jarioa mantsotuz.
· Ulermenari arreta eman diezaiogun: gure esaldiak errepikatuz, sinonimoak erabiliz, keinuak eginez, ulertu gaituztela egiaztatuz.
· Ez gaitezen gaztelerara eta beste hizkuntzetara lerra, uler gaitzan: eutsi euskarari, elkarrizketa elebidunak esperimentatuz eta jolastuz.
· Baina batez ere zoriondu ditzagun: berarekin euskaraz arituta gustura sentitu bazara, adierazi zure solaskideari. Goresmen mezu soilenak ere izugarri motiba dezake hilabete honetan!
Desafio berriak ditugu aurrez aurre. Gutako bakoitzari dagokigu gure alea jartzea. Elkar hartzea eta euskara ikasten ari diren herritarrengandik gertu izateak, ahaltsuago egingo gaitu, hiztun aktiboak behar dituen Tolosaldean.
Gogotsu hel diezaiegula iraileko asmo eta erronka berriei!