Iraupen luzeko lasterketa

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2022ko mai. 29a, 20:58

Zizurkilgo emakumeak korrika ateratzeko prestaketa saio batean, 2014an. M.U.

Ostiraletan emakumeok taldean egiten dugu korrika-saioa. Asteasura joan-etorria. Ez da ikaragarri izango batzuentzat, akaso, baina nahikoa astearen hondarrean erdi itzalian dugun gorputzari lo hartzen ez uzteko. Esnatzeko. Pizteko.

Atzera begirada bat eginez gero, berehala jabetzen gara gurea iraupen luzeko lasterketa dela. Izan ere, 2014raino jo behar dugu hasierako deialdi hura egin zen irteera puntuaren bila.

Ez gara asko izango, batzuentzat, baina nahikoa da dozena erdi biltzea jarduera fisikoan eta kirol arloan ahalduntzeko. Dozena ere osatzen dugu arian-arian; nahiz eta hitzordura astero denok bildu ez.

Emakumeak elkarrekin korrika egiteko taldea da. Eta ohitura osasungarriak gizarteratzeko ekimena ere bai, aldi berean. Sarean, beste emakume batzuekin batera, norberaren ahalmenak, mugak, erronkak eta zailtasunak partekatzeko gunea. Espazio segurua, babestua. Finean, emakumeen autonomia, konfiantza eta bizi kalitatea hobetzeko bide izan nahi du taldeak.

 

«Emakumeak elkarrekin korrika egiteko taldea da. Eta ohitura osasungarriak gizarteratzeko ekimena ere bai, aldi berean. Sarean, beste emakume batzuekin batera, norberaren ahalmenak, mugak, erronkak eta zailtasunak partekatzeko gunea»

 

Hala, korrika kirol bakartia izatetik, taldeko bihurtu dezakegu. Tertulian, arnas estutuak salatzen du hizketarako txanda noiz pasa elkarri. Zail da gidari finagorik bilatzea, baina... Behin aitortzen hasita, ez daukagu saltzen uzteko itzai ofiziala, ordea: Aitziber Ibarbia.

Hark bai etorria. Gurearen aldean askoz patxadatsuagoa duen arnasaz hauspotzen gaitu. Hori bai, akuilua beti izaten du zorrotz. Alegia, azkar sartzen duela arrastoan desbideratzeko arriskuan antzematen duena. Denbora eta erritmoa bere gain uzten ditugu, amaierako luzaketa eta azalpen-saioarekin batera. Luxu handia da, gero, etengabe jasotzea ikasgai txikiak maila horretako adituaren eskarmentutik. 

Eguna luzatzen hasten denean, ordu aldaketarekin batera aldatzen dugu ibilbidea mendi aldera. Malda koxkorren bat tarteko, errota aldera egiten dugu erreka ondoan aurrera. Egokitutako erritmora, baina ustez indartsuago, sasoi polita lortzen dugu mendi-bideetan barna egindako zeharkaldietan pixkanaka-pixkanaka zailduz.

Ikasturtea bukatzen ari zaigun arren, ez da oraindik amaitu gure lasterketa. Ekainaren amaiera aldera emango diogu, laster, kariari bukaera, Asteasuko jaietan afari-legearekin itxiz-edo, halakoren bat. 

Beraz, lerrook irakurrita, zuri ere piztu bazaizu gogoa, luza ezazu guregana zangoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!