MELO moloi

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2021ko ira. 18a, 20:58
Elbarrenako festen transmisioa eta jai herrikoien inguruko aldarria egiteko ipuin liburua atera dute Lizarragatar lehengusuek. J. MIRANDA

Bai moloia etorri zaiguna aurten MELO bere omenez Zizurkilgo Elbarrena auzoan antolatutako asteburu kulturalera. Izan ere, ezin zen izan bestela. Ezin utziko genuen ba ongietorririk eman gabe, ezta?

Festa Batzordeko kideek jakin bazekiten ituan joko zutela neurri horretako enkargua Lizarragatarrei eskainiz gero. Eta oraingoan ere ez dute hutsik egin. Beraz, ezer baino lehen, doazela eskerrik asko eta zorionak zuen bihotzetaraino iritsi nahi duten muxuen bidez. Lan bikaina, bikote!

Erronka zehatza zen: festetako maskotari zegokion izaera ematea. Hala, bete-betean asmatu dute Iraitz eta Izaro herritar eta, era berean, Festa Batzordeko kide ere baden lehengusu pareak. Nolako zura, halako ezpala.

Izan zizurkildar ala ez, oraindik ere ezagutzen ez baduzu, ez galdu aukera. Garaiz zabiltza eta eskura ezazu Festa Batzordeko edozein kiderengana hurbilduta PLI-PLA ipuin ilustratua. Bertan, MELOren izena eta izana modu dibertigarrian kontatu da. Gainera, aurrerantzean herrira etortzen diren bizilagun berriei harrera egiteko baliatuko da opari xume bezain polit hau. Izan ere, herriko izaeraren transmisioa zenbat eta erakargarriago egin, orduan eta berme gehiago. Eta zer ikusi hura ikasi!

Behe aldean, Festa Batzordea herriko kuadrilletako kideekin osatzen dugu. Herritarrok subjektu bagara, berma dezakegulako arduretatik eta arduraz etenik gabe eraldatzen ari den komunitatearen eraikuntza. Bide horretan, kuadrilla bakoitzak gustuko duen ikuskizun edo ekitaldiari ematen dio forma, eta hala oso arrunta da adin tarte eta izaera guztietako herritarren arteko nahas-mahasa.

Herritarrok subjektu bagara, berma dezakegulako arduretatik eta arduraz etenik gabe eraldatzen ari den komunitatearen eraikuntza

Esaterako, has gaitezke arratsaldean Joxe Arregi plazan oskola biltzen; segidan, patata tortilla lehiaketaren ondoko afarian jan-edanean jarraitu; eta, egun berriaren bistan, Bernardaren etxeko gosari legea egitera auzokide etorri-berriarekin, nahiz etxe bereko ama-alabak dultzainaren doinuz lepotik helduta atzera ere plazara elkarrekin heldu.

Festaren parte sentitzea da hiruzpalau egunez lagunartean gozatu bat hartzea, eta MELOren ibilbidearen kontaketa ere horren lekuko da.

Aurten ere gure asmoa izan da ohiko egun seinalatuetan, eta MELOdramatiko jarri gabe, MELOkotoizko zapi laranjak lepoan hartu eta uda hondarrari ilusio txinparta txiki bat jartzea.

Lortuko ahal genuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!