Urte hauetako ibilbidetik, euren proiektuak garatzeko espazio autogestionatu baten beharraz jabetuta, udalak urtetan hutsik izan duen eraikin bat okupatu zuten. Segituan kanporatuak izan ziren, ordea, lokala lortu ahal izateko idatzizko proiektua aurkezteko eskatuz.
Ulertzen dugu, ordutik hona, gazte asanbladako kideak buruan duten proiektua eta ahoz udalari helarazitakoa, idazten dabiltzala.
Baina gure harridurarako, Udal gobernuak, gazteei eskatutako proiektua aztertzeko denborarik hartu gabe, gazteen proiektuak oinarri duen Limousin eraikina Tolosa&Co merkatari elkarteari lagatzeko hitzarmena aurkeztu digute, bat-batean. Inolako aurre-lanketarik gabe, merkatari elkarteak lokal gehiagoren beharrik zuela jakin gabe, bat-batean, hitzarmena sinatzeko prest aurkeztu digute.
Harrigarria da Limousin eraikinaren erabilera aukeren azterketarik egin gabe, urteak hutsik egon ondoren, gazteen okupazioaren ondoren, beste eragile bati lagatzeko hitzarmena mahai gainean jartzea. Ulergaitza egiten zaigu nola, kolpetik, bestelako erabilera ematea erabaki duen Udal gobernuak.
Gazte asanbladari espazio bat eskuratzeko proiektua idatziz aurkeztea eskatzen zaion bitartean, merkatari elkarteari lokala lagatzen zaio inolako proiekturik eskatu gabe, guk dakigula behintzat. Ez baitzaigu inolako proiektu ez espedienterik erakutsi.
EH Bildutik ez dugu gaizki ikusten merkatari elkarteari beste lokal bat uztea euren proiektua gauzatzeko hala behar badute. Baina ez legoke gaizki, batzordean merkatarien eskaera, proposamena eta iritzia partekatzea eta guztion artean erabakitzea zein den eraikinik egokiena euren lana aurrera eraman dezaten.
Izan ere, Limousin eraikinak bazituen, aurrez, lantzen ari ziren erabilera proiektu ezberdinak, epe ertain-luzera begirakoak. Tartean, Ikastolen museoaren proiektua edota Coworking espazioa.
Proiektu horiek exekutatu bitartean, ordutegi eta bestelako erabilera baldintzak gazte asanbladarekin adostea proposatu genion EH Bildutik Udal gobernuari. Denbora tarte horretarako eraikina lagatzea proposatu genuen eta proiektu hauek martxan jartzeko garaia heltzean, espazio berri bat gazteekin adostea.
EH Bildutik, behin eta berriz, gazteen eta udalaren artean adostasunetara iristeko aukerak garatu behar direla adierazi dugu. Izan ere, horrelako bat-bateko erabaki batek, gazteei espazioa ez uzteko argudioa denaren susmoa piztu baitezake. Eta horretarako, merkatari elkartea erabili izana, oso larria litzateke.
Udalak gazte asanbladarekin itxi gabe duen aferari amaiera eman gabe, merkatari elkartea gatazka honen erdian jartzea oso arriskutsua dela iruditzen zaigu. Azken batean, merkatari elkarteak sentsibilitate eta ikuspegi askotariko pertsonak barnebiltzen ditu, helburu komun batekin: merkataritza indartsua izaten jarraitzea. Baina honelako gorabeherek iparra galtzea ekar dezakete.