Aurten dena aldatu da. Inoizko aurrekontu gris eta tristeenak ditugu Tolosarako. Aurrekontu hauek, bere horretan, ez dute proiektu edo asmo berririk aurreikusten eta gainera, herritarrok -EH Bildu barne- ez dugu inolako aukerarik izan parte hartzeko. Udal ordezkariek ezin izan dugu aurrekontuak osatzean parte hartu. Aurrekontuei ekarpenak egiten saiatu gara, baina ogasun batzordean negoziaketarako aukera eskatu genuenean, EAJren erantzuna aurrekontuak itxita zeudela izan zen. Hau guztia, prentsa aurrean azaldu genuen eta horrekin batera, aurrekontuen balorazioa egin. Tolosarrei azalpenak eta informazioa zor dizkiegu eta hori egin genuen, gardentasunez.
Gure harridurarako gure herriko alkateak prentsan idatzitako lerroak irakurri behar izan ditugu gezurretan ari garela esanez. Lastima da horrela ibili behar izatea. Tolosako alkateak eskutitz horrekin sortu nahi duen ika-mikak oso ibilbide motza du. Izan ere, osoko bilkura guztiek dute bere akta eta prentsak hemeroteka. Beraz, herritar oro gonbidatu nahiko genuke akta eta prentsan jasotakoak irakurtzera, horrek guztia argitzen baitu.
EH Bilduko udal taldea ez da gezurretan ari, hemerotekara jotzea nahikoa da hori ikusteko. Tolosaldeko Atariak horrelaxe jaso zuen gure esana: ”Partida guztiak mantendu edo jaitsi dira, eta salbuespenen artean goi karguen ordainsariak daude; beren soldatak %45 igotzea aurreikusi dute”. Eta hori, egia biribila da; partida horretan %45eko igoera aurreikusi da. Udal gobernuak 2016rako alkatea eta alkate-ordea liberatzeko asmoarekin jarraitzen du, 44.000 euroko soldata gordinarekin bakoitza. Beraz, ”Goi karguen ordainsariak” dioen partidan 88.000 euro jartzearekin nahikoa zen. Aurrekontuan, ordea, 128.000 euro islatu dira. Hori %45eko igoera da.
EH Bilduko udal taldea gardena eta parte hartzeari irekia izan da, lehen, orain, eta beti izango da. EAJren udal gobernuak egindako lehen aurrekontuek galdu dute aukera hori. Datorren urtekoen zain geratuko gara.