Nahiz eta bi asteetan entrenatzen jarraitu, fisikoki asko jaitsi genuen eta hori pixkanaka berriro berreskuratzen joango gara. Azken partidan Arizmendiri irabazi genion, eta hori oraindik gogoan genuen; eta nola ez, hori taldean oraindik ere nabari zen.
Horregatik geratzen zaizkigun partidetan dena eman behar dugu, talde bezala asko hobetu dugu eta hori jokatzeko garaian ere ikusten da.
Esan bezala, iragan asteburuko partida Allerruren aurka genuen, Lezon. Bertara iristea taldekide batzuei kosta egin zitzaien. Baina azkenean eta laguntza pixka batekin talde guztia iritsi ginen futbol zelaira. Eta betiko ohiturarekin, musika jarriz, partidarako prestatzen hasi ginen.
Partida ondo hasi zen. Lehenengo minutuetan jada aurretik jarri ginen, eta lehenengo zatian 0-3koarekin joan ginen aldageletara, Izaro eta jubeniletatik igotako Ainhoa Garikanoren golei esker.
Bigarren zatiari berdin ekin genion, gogoarekin eta partida irabazteko jarrerarekin. Eta horrela, zati horretan beste lau gol sartu genituen: Mireia Igartua, Eli, Ainhoa eta Alaitz, beste jubeniletako bat, izan ziren goleatzaileak partidaren bigarren zati horretan.
Azkenean, Allerruren aurkako norgehiagoka erraz irabaztea lortu genuen, eta hurrengo partidetan ere, gure jokoa eginez irabaztera joango gara.
Aupa neskak! Bide honetatik jarraitu behar dugu!