Partida ezin hobeto hasi zen etxekoentzat. Bi minutu besterik ez ziren igaro Morenok markagailua ireki zuenerako. Gol goiztiar horrek hasieratik markagailuari buelta eman beharrean jarri zuen Ibararte. Nafarroako taldea sailkapeneko azken postuan zegoen, punturik gabe, baina ez zuen amore eman, eta lehiatzen saiatu zen. Lauburuk, ordea, partidaren erritmoa eta intentsitatea kontrolatzen jakin zuen.
Bigarren gola 17. minutuan iritsi zen, Guaglianoneren eskutik. Gol horrek Laubururen nagusitasuna berretsi zuen, eta bi goleko abantailarekin joan ziren atsedenaldira. Alde garrantzitsua zen, baina ez erabakigarria: talde ibartarrak badaki ligan partida bat azken txistua entzun arte amaitutzat ez ematen.
Bigarren zatian, aukerak baino gehiago izan ziren borrokak eta kontaktuak. Partida gogortu egin zen, eta epaileak txartelak atera zizkien bi taldeetako jokalariei. Etxekoen artean, Anxolinek, Acebedok eta Guaglianonek txartel hori bana ikusi zuten. Ibararteren aldetik, berriz, Aronek eta Xantik, baita talde teknikoko bi kidek ere. Geroz eta tentsio handiagoko giroa izan arren, etxeko taldeak lasaitasuna mantendu zuen eta trantsizioak baliatu zituen aurkaria kontrolpean izateko.
Atsedenaldiaren ondoren, Ibarartek presioa areagotu zuen. Laubururi, berriz, kosta egin zitzaion lehen zatiko erritmoa berreskuratzea. Arratsaldeko unerik zailena izan zen: nafarrek aukerak sortu zituzten, batez ere geldikako jokaldietan eta trantsizioren batean, eta Lauburu ez zen lehen zatian bezain fin aritu.
Sufrimendu une horretan, ordea, partida mota hauek kudeatzen ikasten ari den talde baten irudia ere eman zuen Lauburuk. Aurkariak atezain-jokalariarekin jokatzearen alde egin zuenean, ibartarrek burua erabili zuten batez ere: ordena, pazientzia eta lasaitasuna izan ziren markagailuari eusteko gakoak.
Azken kolpea bi minutu falta zirenean iritsi zen, 38. minutuan. Chinok 3-0ekoa sartu zuen, eta partida erabakita utzi zuen. Lauburuk abantailarekin jokatutako minutuak ondo kudeatu zituen, eta Burgosen geratutako ikasgaia gainditu zuen.
Hiru puntuetatik harago, garaipenak talde sendo baten irudia utzi du, baina badira oraindik hobetu beharreko alderdiak. Horien artean, geldikako jokaldiak nabarmentzen dira. Seigarren jardunaldian ere, taldeak ez ditu behar bezain ondo eta arin gauzatzen egituratutako jokaldi batzuk. Entrenatzaile-taldeak ohartarazpen serio gisa hartu du alderdi hori, datozen partidei begira. Nolanahi ere, autokritika hori bere buruari asko eskatzen dion eta garaipenarekin konformatzen ez den talde baten erakusgarri da.
Eta hurrengo erronka Errege Kopa izango da. Bihar, Lauburu Bilbora joango da Otxartaberen aurkako bigarren kanporaketa jokatzera. Partida bakarrera erabakiko da kanporaketa. Otxartabe ezaguna da ibartarrentzat; izan ere, ligako laugarren jardunaldian 2-6 irabazi zuen Belabietan. Kopako lehiaketa honetan ere aurkari ezaguna da, eta dagoeneko arrastoa utzi du Belabietan. Oraingoan, ordea, Lauburu esperientzia handiagoarekin, burua hotz eta kanporaketa gainditzeko gogoz iritsiko da. Badaki norgehiagoka zaila izango dela, baina Belabietara beste kanporaketa bat ekartzeko amorruarekin egingo dio aurre erronkari.