Kronika

CMO Valves Lauburuk Tausten lortu du titulua

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2026ko apirilaren 27a

CMO Valves Lauburu Ibarrak bere historian urrezko orrialdea idatzi zuen Acontebro Tausteren kantxan ligako txapeldun izendatuta. Ibartarrek bere esku zuten… eta ez zuten hutsik egin.

Hasierako txistutik bertatik argi ikusi zen taldearen joera, intentsitate handikoa eta helburu gosez. Mikel Diestrok zuzendutakoek lehen hamar minutu bikainak jokatu zituzten, etxekoen jokoa erabat indargabetuz eta etengabeko aukerak sortuz. Hala ere, areto futbolak baditu bere paradoxak: aragoiarren lehen hurbilketan, 9. minutuan, Victor Berguesek aurretik jarri zituen etxekoak (1-0).

Egoera okertu arren, talde moreak heldutasunez erantzun zuen. Lauko jokoaren eta hiruko gehi pibot sistema txandakatuz, nagusitasuna apur bat galdu zuten, baina eraginkortasuna handitu. Gorkak berdinketa lortu zuen kalitate handiko gol batekin, eta multzoko goleatzaile den Victor Requerok hamar metroko bi jaurtiketa zehatzekin markagailuari buelta eman zion atsedenaldia baino lehen (1-3).

Bigarren zatian, CMO Valves Lauburu Ibarrak bere bertsio lehiakorrena erakutsi zuen. Indarrak neurtzen jakin zuen, kantxa luzatu eta titulura eraman duen maila handiko jokoa garatuz. Acontebro Tauste FS saiatu zen joko zuzenarekin, baina ibartarrak nagusi izan ziren alor guztietan. Raulek aldea handitu zuen bizitasunez eta teknikaz egindako gol batekin, Gorkak sartutakoaren antzekoa (1-4), eta Gorkak berak, 39. minutuan, partida itxi zuen azken 1-5ekoa eginez.

Emaitza honek ez du soilik txapelketa baieztatzen, 13 urteko itxaronaldi luzeari amaiera ematen dio. Liga erregularra amaitzeko jardunaldi baten faltan, datorren larunbatean Belabietan San Cristobal Segoviaren aurkako neurketa ez da erabakigarria izango. Taldea orain igoerako finalerdietako aurkariaren zain dago, amets handiak egiteko argudio sendoekin.

Aipamen berezia merezi du, beste behin ere, Zaragozaraino joandako zaleak, une oro taldea animatzen aritu baitziren eta arrakasta honetan funtsezko zutabe izan baitira.

Bigarren taldeak ere erantzun: garaipen garrantzitsua Oiartzunen

Jardunaldia borobila izan zen klubarentzat, Lauburu KE Ibarra Mahalak hiru puntu oso garrantzitsu lortu baitzituen Oiartzunen. Txubel eta Garmenek zuzendutakoek denboraldi amaiera ikusgarria egiten jarraitzen dute, jaitsieratik zazpi puntura kokatuz.

Mailari eustea eskura dutela, filialak hurrengo jardunaldian ziurtatu dezake salbazioa, Lagun Onaken aurka 3 puntuak lortuz gero; horrek denboraldi bikaina borobilduko luke.

Bi talde, izpiritu lehiakor bera. Ibarra une gozoa bizitzen ari da areto futbolean: lehen taldea goian, eta filiala helburua ukitzen. Gogoratzeko moduko urtea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!