Kronika

Iraultze sutsua Belabietan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2026ko otsailaren 24a

Belabieta irakiten egon zen, galdara bete baten moduan. CMO Valves Lauburu Ibarra-k Club Union Deportiva Loeches hartu zuen; madrildarrak presio altuarekin eta mendeku gosez atera ziren kantxara. Hasierako gidoia bereganatu zuten: goiko presioa, baloi-galerak behartuta eta kontraeraso bizkorrak. Ekaitza abisurik gabe lehertu zen. Ibartarrek aukerak izan arren, zutoinaren kapritxoek eta Daviden esku sendoek atsedenaldira 0-3 hotzarekin eraman zuten norgehiagoka.

Bigarren zatia lehenaren ispilu izan zen. Loechesek bere lana egiten jarraitu zuen eta 24. minutuan Adrianek 0-4koa sartu zuen. Isiltasun astuna nagusitu zen. Baina liderrak sua piztea erabaki zuen. Harrotasuna eta kemena aurrera. 26.ean, Rafak 1-4koa eginda txinparta piztu zuen. Hortik aurrera, partidua irauli zen.

Moreek erritmo bizian estutu zuten. Loeches nekea sumatzen hasi zen, kantxa maldan behera abiatu balitz bezala. 28.ean, Victorrek aldea murriztu zuen. Berehala, Alejandrok bere atean sartutako golak 3-4koa ekarri zuen. Belabieta ez zen pabiloi hutsa; bihotz kolektiboa zen taupadaka.

Mikel Diestroren jokalariek azken tantaraino hustu zuten erregaia. Lau minutu falta zirela, Gorkak berdinketa marraztu zuen. Ezinezkoa zirudienarentzat denbora geratzen zen oraindik. Rafaren jaurtiketa langara, Raulen ahaleginak, Chukyren saiakerak… gola ate itxi baten moduan ari zen eusten. Artean, patuak deitu zuen.

Minutu eta piko falta zirela, Loechesek seigarren falta egin zuen. Hamar metroko penaltia etorri zen. Victor eta David aurrez aurre. Unea airean zintzilik. Jaurtiketa zehatza, ezker goiko izkinara. Gola. Leherketa. Aulkia ekaitz, harmaila oihu.

Azken bala, bisitarien bosteko jokoa. Etxekoen defentsa altzairuzkoa. Azken txilibitua. Garaipena. Beste aste bat sailkapenaren goian. Belabietak bizi izan zuen itzulera hau ez da kontatzen, kantatu egiten da.

Burdinazko puntua Lauburu KE Ibarra Mahalarentzat

Lauburu KE Ibarra Mahalak hutsean berdindu zuen Afantxo Pescaderia Ferreresen aurka. Aukerak eta defentsa sendoen partida, atezain adi eta atzealde lanpetua. Baloiak area inguruan bueltaka ibili ziren, baina sareak ez zuen mugitu nahi izan. 0-0. Batzen duen puntua, eta jardunaldiz jardunaldi sendotzen ari den taldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!