Kronika

Belabieta, areto futbolarekin dardarka

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2026ko otsailaren 11

Belabieta bete batean izan zen CMO Valves Lauburu Ibarra eta Sala Quinto CD taldeen arteko neurketa. Espero ez zen gidoiarekin hasi zen partida, baina etxekoen izaera erakustaldi batekin amaitu zen.

Aragoiarrek hasieratik harritu zuten, 40x20aren eta bosteko jokoaren aldeko apustu argiarekin. Helburua argia zen: erritmoa jaistea, kalitate-aldea murriztea, Mikel Diestroren mutilen joko bizia itzaltzea eta baloiarekin defendatzea, baita aurkariaren pistan jokatzea ere kolpea bilatzeko. Planak azkar eman zuen fruitua: 4. minutuan Jose Javierrek 0-1ekoa egin zuen.

Moreak nagusitzen hasi ziren baloiaren jabetzan. Chukyren banakako jokaldi batek berdinketa ekarri zuen. Hortik aurrera partida etxekoen alde jarri zen. Víctorrek, borrokalari eta erne, 2-1ekoa egin zuen, eta minutu bat geroago falta zuzen batek 3-1ekoa jarri zuen markagailuan. Haizea alde zutenean, epailearen erabaki polemiko batek etxekoak jokalari bat gutxiagorekin utzi zituen: Pol kanporatua izan zen bigarren txartel horia jasota, kantxan oso borrokalari eta ausart ari zela. Horrela iritsi zen atsedenaldia.

Bigarren zatia intentsitate handiz hasi zen: oraindik gutxiagotasunean, Danielek 3-2koa egin zuen lehen jokaldian. Taldea berrosatuta, CMO Valves Lauburu Ibarrak berriro kalitatez josi zuen jokoa eta Morandok laugarrena sinatu zuen. Ondoren, trantsizio eredugarria: Rafaren baloiak langan jo eta Sergiok aldaratzea aprobetxatu zuen 5-2koa egiteko. Erritmoa etxekoena zen jada, baina Hectorrek zalantza piztu zuen 5-3arekin.

Morandok, nonahi eta fisikoki indartsu, berriro erabaki zuen banakako jokaldian Enaitzi pasea emanez, honek 38. minutuan 6-3koa jar zezan. Sala Quinto bosteko jokoan erabat murgilduta zegoela, Unaxek jokaldia ondo irakurri eta 35 metrotik azken 7-3koa sartu zuen. Belabietak ospatu zuen birikaz eta buruarekin lortutako garaipena, etxekoen ahalegin fisiko handiarekin.

Lauburu KE Ibarra Mahalak liderraren aurka galdu du

Belabietan aurretik izandako neurketan, Lauburu KE Ibarra Mahalak lehen zati ona egin zuen liderrari aurre eginda, baina atsedenaren ondoren Mondratek erritmoa igo eta hiru puntuak eraman zituen 2-6koa ezarrita. Hala ere, Txubelen eta Garmenen mutilek aurrez aurreko txukuna egin zuten igoera lortzeko faboritoetako baten aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!