Kronika

Emaitza sendoa, partida motela

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2026ko otsailaren 3a

Partida motela, erritmorik gabea eta defentsan hutsune larriekin.

Albaidako pabiloiak Bigarren B Mailako 2. multzoko 19. jardunaldiko partida hartu zuen, Albelda FS eta CMO Valves Lauburu KE Ibarra taldeen artean. Harmaila jendetsua eta kolore berezia jarri zuen zale moreen animazioak; kantxan, ordea, ikuskizuna nahiko gris geratu zen.

Behekoaren eta liderraren arteko tranpa-partida horietakoa izan zen, eta topikoa bete egin zen. Erritmo baxuak lehen zatia baldintzatu zuen: joko jarraitasun eskasa eta intentsitate gutxi. Hala ere, bisitarien eraginkortasuna nahikoa izan zen norgehiagoka azkar bideratzeko: Victorrek 2. minutuan ireki zuen markagailua, Raulek 5.enean handitu, eta berriro Victorrek 15.enean itxi zuen lehen zatia, atsedenaldira 0-3arekin iritsiz, denboraldiko lehen zatirik motelenean.

Aldageletatik bueltan, gidoiak ez zuen aldaketa handirik izan. Ibartarrak hiruko jokoaren eta laukotearen artean ibili ziren, Gorka eta Unax pibot lanetan zentzuz jokatuz, eta hainbat jokaldi landu ongi amaituta. Nagusitasun horren ondorioz iritsi ziren Raulen gola 24. minutuan eta Morandorena 26.ean, eta 0-5ekoa ezarri zuten moreek markagailuan.

Partida erabakita, Mikel Diestrok errotazio zabalak egin zituen, ohikoei atseden emateko eta denboraldian karga gutxiago izan dutenek minutuak izateko. Lauko jokoak nagusitasun garbia ekarri zuen, baina aldi berean defentsako hutsune nabarmenak agerian utzi zituen. Horietako bat baliatu zuen Raul Galileak 1-5ekoa sartzeko. Erantzuna berehala iritsi zen: Unaxek, partida txukuna eginda, 1-6koa jarri zuen, eta Enaitzek, talde-lan bikain baten ondoren, 1-7koa.

Beste akats defentsibo batek Alex Nuñori aukera eman zion 2-7koa egiteko, baina Raulek, azken jardunaldietan fin, bere hat-tricka osatu zuen 2-8arekin. Azken minutuetan, Andreik (37’) eta Felix Palaciosek (39’) 4-8ko azken emaitza itxi zuten, kantxan ikusitakoa baino zabalagoa agian.

Garaipen argia, baina etxeko lanekin: defentsako akatsak zuzentzea funtsezkoa izango da hurrengo jardunaldiei begira. Hurrengo hitzordua Sala Quintoren aurka izango da, Belabietan.

Lauburu KE Mahalak lan ikaragarria egin eta emaitza jaso du

Garrantzi handiko eta prestigiozko garaipena lortu zuen Lauburu KE Mahalak Usabal Kiroldegian, Tolosala A.F.K.E. taldeari 0-1 irabazita. Txubel eta Garmenen mutilek arnasa hartu dute garaipen honekin, eta astez aste egiten ari diren lan handia berretsi da.

Tokiko derbi gogorrean lortutako urrezko hiru puntuak, filialaren konfiantza indartu eta egindako lana saritzen dute.

Zorionak, Lauburu KE Mahala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!