Kronika

Kopa giroa, emozioa eta adorea bukaera arte

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2025eko urriaren 31

Belabietako kiroldegia areto futbol zaleen gozamenerako agertoki bihurtu zen berriz. Harmailak beteta, giro bizia eta ikusmin handia. CMO Valves Lauburuk eta Tafak norgehiagoka zirraragarria eskaini zuten, une oro joan-etorri eta emozioz betea, azken segundora arte.

Partida orekatuta hasi zen, bi taldeek abagune garbiak sortu zituzten, baina bai Marcos bai Tafako atezaina bikain aritu ziren. 11. minutuan, etxekoek lehen kolpea eman zuten: Raulek gola sartu zuen, eta minutu baten buruan Rafak aldea handitu zuen 2-0koarekin.

Ibartarrek aginte makila hartuko zutela zirudien, baina Tafak berehala erantzun zuen. 16. minutuan gola sartu zuten nafarrek, eta jarraian jokaldi erabakigarria: Chukyk, txartel horiarekin, behar ez zen falta bat egin zuen aurkariaren zelaian, eta bigarren txartela jaso zuen. Gainera, seigarren falta zen moreentzat, eta hamar metrotatik Iñigok ez zuen barkatu: 2-2.

Kolpeak ez zuen etxeko taldea desorekatu, ordea. Minutu bat geroago Gorkak bakarkako pibot-jokaldi bikaina egin zuen: baloia jaso, ederki biratu eta 3-2koa jarri zuen markagailuan. Atsedenaldira emaitza horrekin iritsi ziren.

Bigarren zatian Tafak presioa igo zuen, erritmo bizia ezarri eta talde moreko jokalarien nekea areagotu zen, batez ere lesioen eta txanda urriengatik. Hiru minututan, nafarrak aurretik jarri ziren.

Baina Rafa Usin kapitaina agertu zen berriro, taldearen gidaritza hartu eta berdinketa ezarri zuen (4-4) amaierarako 14 minutu falta zirela. CMO Valves Laubururen ahalegina ikusgarria izan zen, aurkari sendo baten aurrean nekeari eutsiz, zaleen bultzadarekin.

Partida luzapenera zihoala zirudien, baina, zoritxarrez, Tafak aukera bakarra baliatu eta 4-5ekoa sartu zuen azken minutuan, eta Errege Kopako hurrengo faserako txartela eskuratu.

Porrot mingarria CMO Valves Laubururentzat, bihotz guztiarekin jokatu zuten arren. Orain ligara begira jarri dira, Antiguokoren kontra jokatuko den derbian indarrak eta konfiantza berreskuratzeko asmoz. Bihar 17:00etan izango da partida Belabietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!