Kronika

Zaratak kirola itzaltzen duenean

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2025eko urriaren 28a

Asteburuan, Loecheseko Jose Rodriguez kiroldegian (Madril) izan zen ligako zazpigarren jardunaldiari zegokion neurketaren agertokia. Zoritxarrez, partida hau pistatik kanpoko gertaerengatik geratuko da gogoan, ez bertan erakutsitako jokoarengatik.

Harmailak ez ziren kirolaren eta kiroltasunaren baloreen adierazle izan. Izan ere, CMO Valves Lauburu eta etxeko taldearen arteko neurketa bederatzi aldiz eten behar izan zen petardoak jaurtitzeagatik, partidaren aktak jasotzen duen moduan; tarte batean, partida hiru minutuz eten behar izan zen. Ez dugu aitzakiarik bilatu nahi porrotarentzat —etxeko taldeak hiru puntuak merezita irabazi baitzituen—, baina ezinbestekoa deritzogu salatzea kirol ekitaldi bati dagozkion balioetatik urrun dagoen giroa.

Lehen zatia: moreen nagusitasuna eta abantaila estua. Partida serio hasi zuen Lauburuk, Caruso, Unax, Victor eta Pol-en bajak izan arren. Mikel Diestroren gizonek erritmo bizia ezarri zuten hasieratik, eta laster aurreratu ziren markagailuan Chukyk sartutako golari esker. Minutu gutxira, Rafa Usinek jokaldi kolektibo bikain bat amaitu zuen, eta bisitarien nagusitasuna sendotu zuen lehen zatian. Hala ere, atsedenaldia iristear zela, defentsako zalantza batek etxeko taldeari markagailuan hurbiltzeko aukera eman zion —sei segundo besterik falta ez zirela (1-2)—, eta horrek arnas apur bat eman zion Loechesi bigarren zatirako.

Bigarren zatia: nekea eta zigorra. Bigarren zatian ere erritmo handia mantendu zen, fisikoki gogorra izan zen partida batean. Lauburuk aldaketetan mugak izan zituen arren, nortasun handia erakutsi zuen. Hala eta guztiz ere, zorte txarra erasoan eta etxekoen bultzada sendoak partida irauli zuten 2-4koaren ostean. Horren aurrean, gipuzkoarrek bostekoan atera ziren, baina Pepe bikain batek hiru gol sartzeko baliatu zuen, partida ia erabat itxita utziz. Hala ere, Morandok azken 8-5ekoa ezarri zuen, egoera zailaren aurrean inoiz etsitzen ez duen talde baten ahalegina islatuz.

Deialdiaren inguruko egoerak Mikel Jauregi Imazen debuta ekarri zuen kategorian. Bigarren taldeko jokalaria izan arren, bere ale txikia jarri zuen Mikel Diestroren taldearen osasun-arazoen garai berezi honetan.

Orain, CMO Valves Lauburuk berehala suspertu beharko du, gaur izango baitu Errege Kopako erronka Tafaren aurka Belabietan, 20:00etan. Eta, larunbatean, azaroaren 1ean, berriz, Antiguokoren aurkako derbia jokatuko du, 17:00etan.

Azken gogoeta. Emaitzaz harago, partida honek hausnarketa sakon baterako gonbita egin behar du: ez da onargarria, eta are gutxiago justifikagarria, kirol ekitaldi batera irainak, mehatxuak edo giro politizatua nagusitzen diren leku batera joatea. Kirolak errespetua, prestaketa eta fede ona behar ditu; balio horiek dira edozein lehiaren abiapuntu eta oinarri izan behar dutenak.

Golegileak: Rafa Usin (2), Chuky (2), Morando (1).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!