Kronika

Sinesteko sei arrazoi

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2025eko urriaren 6a

Mikel Diestroren mutilek euren bertsiorik onena erakutsi zuten larunbatean Belabietan, eta ez zioten aukerarik eman Albelda FS taldeari (6-0).

Hasieratik bukaerara CMO Valves Lauvuru Ibarraren bertsiorik onena ikusteko aukera izan genuen, presio altua, intentsitatea eta golaren aurrean eraginkortasuna uztartuz.

Partida ezin hobeto hasi zen etxekoentzat: Sergiok, lehen jokaldian bertan, baloia sare barrura bidali zuen eta defentsa errioxarrak ez zuen erreakzionatzeko astirik izan. Gol goiztiarra izanda ere, Albeldak ez zuen etsitzeko asmorik, eta lehen hamar minutuetan defentsa sendoa mantendu zuen, aurrelarien bidez kontra egiteko asmoz.

Bisitariek bere aukera garbiena 12. minutuan izan zuten, urrundik egindako jaurtiketa batek zutoinarekin topo egin zuenean. Hala ere, Laubururen erantzuna azkarra izan zen: baloia berreskuratu eta arrisku handiko erasoak sortzen jarraitu zuten.

Lehen zatia 1-0 amaitzera zihoala zirudienean, Chukyk zelai erditik baloia ostu eta jokaldi bikaina burutu zuen, 2-0ekoa eginez eta harmailak altxaraziz. Atsedenaldira markagailu eroso batekin iritsi ziren.

Bigarren zatian, gauzak ez ziren aldatu: CMO Valves Lauburu Ibarrak jokoaren kontrola mantendu zuen eta Albelda eusten ahalegintzen zen. Vincenzok, debutean, ez zuen hutsik egin eta talde jokaldi eder baten amaiera izan zen bere lehen gola (3-0). Zortzi minutu falta zirenean, Victorrek laugarrena sartu zuen bere estiloan, partidua erabat erabakita utziz.

Amaierara hurbildu ahala, erritmoa zertxobait jaitsi zen, baina CMO Valves Lauburu Ibarrak ez zuen aukerarik eman. Carusok bosgarrena egin zuen Victorrekin jokatutako pareta baten ondoren, eta horrek bisitariak atezain-jokalariarekin arriskatzera behartu zituen. Baina ez zien funtzionatu: zelai erdiko baloi lapurreta batek Victorren bigarren gola ekarri zuen, eta, horrekin, neurketari azken ukitua eman zion (6-0).

Garaipen borobila, CMO Valves Lauburu Ibarrak etxean erakusten duen sendotasuna berretsi zuen eta denboraldi hasierako sentsazio onekin jarraitu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!