Izan ere, bi taldeen profila ikusita, aurreikusi zitekeen gol jaialdia izan zen Belabietan pasa den larunbatean. Hain justu, bi taldeek ausartak eta jokoaren edozein ezbeharren aurrean agertzeko gaitasuna eta baliabideak dituzte.
Belabietako afizioak zuri eta more kolorez egindako mosaiko batekin hartu zituen jokalariak. Lehen zatia moreen nahi eta ezinak ezaugarritu zuen. Mataroren atezainaren lan ona, Mikelen mutilek izan zituzten aukera ugarietan izandako zorte txarrarekin elkartu zen. Aitzitik, Kataluniako taldeak hobeto baliatzen zituen bereak eta 0-3ko emaitza gogorra utzi zuen Belabietaren markagailuan, Biel, Toure eta Marc Ponceren golekin.
Bigarren zatirako aldagelako premisak argiak ziren: ezin zen Matarora joan kanporaketa hilda izanda, partidari heldu eta aldea murriztea beharrezkoa zen kanporaketa Mataron jokatu ahal izateko. Eta horrela egin zen. Rafak zutoinaren ondora urrutitik jaurtitutakoak atezaina ezustean harrapatu zuen; handik aurrera indartu eta aukerak bata bestearen atzetik etorri ziren, baina tarterik murriztea lortu gabe; Matarok ere trantsizio arriskutsu batzuk egin zituen, Marcosek atean saihesten zituenak, baina 29. minutuan Alejandroren estrategiazko gol batek ametsa pixka bat gehiago urrundu zuen berriro.
Minutu batzuk geroago, Diestrok atezain jokalariaren aldeko apustua egin zuen. Zaldua aritu zen lan horietan oraingoan eta lasaitasuna eta ildoa eman zion eraso moreari. 2-4koa Chukyren jokaldi bikain baten bitartez iritsi zen.
35.ean berriro zori txarra itzuli zen pistara, Victorrek pista erdian irrist egin zuen Alejandro bakarrik utziz, eta honek 2-5ekoa ate hutsean egitea lortu zuen. Hala ere, jada ezinezkoa zirudienean, kategoriako bihotz handiena duen taldea markagailua iraultzeari begira jarri zen erabateko sinesmenarekin, eta Valen izan zen, 2 golekin, 35.ean eta 39.ean 4-5ekoa igo zuena markagailura, Matarora aukerekin joateko.
Partida ez zen amaitu hala ere, eldarnioa iristear zegoen: 5eko azken erasoan, Rafak, kapitainak, berdinketa egin zuen sei segundo besterik falta ez zirenean, Belabieta eromenera eramanaz.
Azken kanporaketan egon nahi badugu, Mataron irabazi egin beharko du Lauburuk bai ala bai. Lehenengo 40 minutuetan ez bada, berdinketa lortu eta luzapenean izan beharko da. Bestela, penalti jaurtiketarik ez da izango, eta kantxa faktorea aldeko duten kataluniarrak izango dira play-offean aurrera egingo dutenak.