Kronika

Bigarren postura igo gara azken jardunaldian

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2025eko maiatzaren 6a

Ez zen gainerako partidatako emaitzen menpe egoteko arratsalde bat izan, baina bigarren postua lortu eta igoera faseko lehen kanporaketan kantxa faktorea alde izateko ilusioarekin bidaiatu genuen Albeldara; emaitzek ezin zuten aurkaria aldatu, baina bai partiden ordena.

Guretzat, ez irabazteak soilik uxatuko zuen aukera hori, beraz, Bilbora begiratu beharrean, lana betetzea eta emaitza ezagutu arte itxarotea besterik ez zitzaigun geratzen. Kostata, baina iritsi zen, taldearen eta zaleen artean zalaparta sortu zuen berria.

Garaipena 1-3koa izan zen eta Pinsequek Otxartaberen aurka berdindu izanak bigarren postuan utzi gintuen, 66 puntunako berdinketarekin. Aldeko gol kopuruari esker, txapeldunorde postuan ospatu ahal izan genuen garaipena Errioxara joandako ia berrogeita hamar lagunekin batera.

Pentsatzeko astirik gabe, hirugarren playoff-a jarraian jokatuko dugu asteburu honetan talde bizkaitarraren aurka. Talde bizkaitarrak seigarren parte hartzea du Bigarren Mailara igotzeko lehiaketa honetan. Kategorian jauzi bat ematearekin jolasean ibili diren bi euskal taldeen arteko lehen lehia izango da. Itzulikoa Belabietan jokatuko da maiatzaren 17an.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!