Kronika

Helburua lortzeko gogo amaigabeekin

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2024ko maiatzaren 2a

Larunbatean Nafarroara itzuli ginen, oraingoan Tuterara, Ligako 28. jardunaldia jokatzera. Gero eta gertuago gaude Play Offeko postuak zein taldek lortuko dituzten jakiteko ziurgabetasuna argitzetik, eta borroka horren barruan gaudela jakinda, helburua lortzeko gogoa amaigabea da.

Dani, Beñat, Gorka, Zaldua eta Txikirekin hasi genuen norgehiagoka, eta pixkanaka, gero eta joko serioagoa sortzen hasi ginen. Horrela, lehen zatiaren erdialdera iritsi ginenerako markagailuak aldeko 0-2koa islatzen zuen. Chukyk eta Ivanek egin zituzten golak, lehenengoa 10:40. minutuan estrategiaz, hegaleko sake baten ondoren, eta bigarrena penaltiz 11. minutuan. Hirugarrenerako beste zerbait itxaron behar izan genuen, baina atsedenaldira joan aurretik iritsi zen, gure 2. zenbakiaren eskutik berriro, boleaz (0-3).

Aldageletatik itzuli ondoren, konstantzia eta kaudimena mantendu genituen. Horrela, 4 minututan beste 3 gol sartu genituen, eta tartean etxekoek ere lortu zuten haien lehena: 0-4 Dylanek (26. min) lapurreta batean, 1-4 Ribera Navarrak beste lapurreta batean (28. min), 1-5 Txikik area barruan Zalduaren pilota falta batetik jasotzean (30. min). Aurrerago, Chukyk beste bi sartu zituen amaierarako 9:09 eta 7:46ra (1-7), biak ate hutsera. Ondoren, amaierarako 4 minutura, Dylanek partida erabakita utzi zuen jaurtiketa on batekin (1-8).

Urrezko hiru puntu lortu ditugu, eta gure bigarren entrenatzaile Alvaro Reyk partidaren amaieran adierazi zituen hitz guzti-guztiak partekatu eta berretsi nahi ditugu: «Partida osoa izan da. Erreakzionatu egin dugu bagenekielako zer zegoen jokoan. Ez dugu zalantzarik egin, eta aprobetxatu egin dugu aukera. Ezin genuen askatu honaino iristea kostatu zaigun guztia».

Goazen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!