Kronika

Puntu erabakigarria ekarri dugu Burgosetik

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2024ko ots. 15a, 13:00

Larunbat eguerdian Burgosera abiatu ginen 19. jardunaldiari dagokion partida jokatzeko. Positiboki dinamika onari eusteko gogotsu, Dani, Zaldua, Raul, Eñaut eta Cecirekin hasi genuen norgehiagoka.

Lehen minutuak ez ziren batere onak izan. Galera asko izan genituen, eta ondorioz, etxekoek behin baino gehiagotan izan zituzten aukera bikainak. Hala ere, ez zuten lortu markagailua estreinatzea, batzuetan amaieran huts egin zutelako, eta beste hainbatetan, Dani agertu zelako. Horri esker, pixkanaka, erreakzionatzen hasi ginen. Gainera, Burgoskoak defentsan pista erdian itxaron arren, aukera bat edo beste sortzen jakin izan genuen.

Horretan murgilduta, atsedenaldirako 7:31ren faltan iritsi zen lehen gola, Zalduaren eskutik, area barrutik (0-1). Segundo batzuk geroago, Eñautek urrezko pasea egin zion Rauli kontraeraso batekin jokaldia ezin hobeto amaitzeko (0-2). 0-2koarekin, berdeek 5eko jokoa aukeratu zuten, eta hurbiltzea lortu zuten aldageletara joateko minutu bat baino gutxiago falta zenean (1-2).

Jokoan zegoen berdintasunaz jabetuta, Dani, Ceci, Ivan, Raul eta Txikirekin hasi genuen bigarren zatia. Bagenekien Burgoskoek dena emango zutela, eta hain zuzen horrexegatik lehen minutuak erabakigarriak izango zirela. Hori horrela, gogor eutsi behar genuenez, tentsioa handituz joan zen, intentsitateak gora egin zuen, eta defentsa-mailan neurketa guztiz baldintzatu zigun bosgarren falta goizegi iristea eragin zuen. Horren aurretik, aurkariak beste abagune on bat izan zuen falta batetik, arbitroek erabaki baitzuten Zalduak eskuarekin ukitu zuela baloia, baina Danik ondo atera zuen hura kanpora.

Are gehiago, bi penalti bikoitzek garaipena etxetik ez mugitzea eragin ahal izan zuten, baina Galiziako atezainak berriro erakutsi zuen gu bizirik mantentzeko duen abilezia. Tartean, azken txistua jotzeko 5 minutu eskas falta zirenean, Juventud del Círculo-k jaurtiketa oso ona egin zuen behin betiko emaitza jartzeko (2-2). Partidaren amaieran, Diestrok neurketa «lehiatua» izan dela azpimarratu nahi izan zuen.

Beste taldeen emaitzak kontuan hartuta sailkapenean gora egitea ahalbidetzen digun puntu erabakigarria ekarri dugu Ibarrara. Burua hurrengo asteko asteburuan daukagu jada; izan ere, Laskoraingo bizilagunen aurkako derbi handiari egin beharko diogu aurre.

Goazen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!