Kronika

Aurkari zuzen baten aurka emaitza irauli izanaren balioa

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2024ko ots. 6a, 12:03

Larunbatean 2B mailako klasikoetako bat jokatu genuen AD San Juan talde nafarra etxean hartuta. Dani, Ceci, Raul, Zaldua eta Eñautekin hasi genuen partida, eta markagailua 14. minutura arte estreinatu ez bazen ere, egin zuenean, aurkariaren alde egin zuen, bolea batekin asmatu baitzuen hegaleko sake baten ostean. Horrekin batera, zenbait akatsek atsedenaldira 0-1ekoarekin joatera kondenatu gintuzten.

Aldageletatik itzultzean, Diestrok hasierako boskotea errepikatu zuen. Baloia berriz martxan jarri eta bi minutura, San Juanek aldea handitu zuen (0-2) defentsan izan genuen intentsitate falta barkatu gabe. Hala ere, Cecik 1-2koarekin erantzun zuen 24. minutuan, baloia jaso, eta area ertzean biratu eta jaurti zuenean. Gola une garrantzitsuan iritsi zen, eta oso beharrezkoa izan zen neurketatik ez ateratzeko. Are gehiago, Cecik berak jarri zuen berdinketa amaierarako 8 minutu baino gutxiagoren faltan, falta batetik jaurtitako baloia eskuadrara bidalita. Nabaria zen lehen erdian baino askoz hobeto geundela, eta pixkanaka konfiantza handitzen joan ginen.

Horrela, gehiagorako gogoz, Zalduak, eskuin hegalean trebe, lehen aldiz jarri gintuen aurretik (3-2, 34. min). Horren aurrean, San Juanek ez zuen amore eman, eta berriro jarri zuen berdinketa, ateko sake luze batetik jaso ondoren, azken txistua entzuteko 4 minutu eskas falta zirenean.

3-3koarekin, ez genekien onena oraindik iristeke zegoenik; izan ere, azken minutuaren barruan, Zalduak eta Cecik, ordura arte golegileak izan zirenak, partida erabakita utzi zuten beste bi golekin. Zalduak aldaratze batean egin zuen, gure entrenatzaileak 5eko jokoa aukeratu zuenean, eta Cecik, aldiz, buruz, Danirengandik jasota, nafarrak ere atezain jokalariaren aldeko apustua egiten zutenean, hain zuzen. Denbora gehiagorik gabe, 5-3 emaitzarekin esan genion agur bigarren itzuliko hirugarren jardunaldiari.

Garaipenak helburutik gertuago egotea ahalbidetzen digu, baita denboraldiko funtsezko une batean gora egiten jarraitzea ere. Amaieran, Diestrok azpimarratu zuen taldea «izugarri» egon zela, eta azken bi jardunaldietan lortutako 6 puntuek «errekonozimendua merezi duen balioa» dutela.

Goazen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!