Aurkariari dagokionez, gogora dezagun gauzak oso ondo egin zituela 22-23 denboraldia lehen postuan amaitzeko, eta, gaur egun, mix ona duela taldeko ezaugarrietan: beteranoen eskarmentua eta iritsi berrien gaztetasuna. Gainera, bederatzigarren jardunaldian San Cristobalen aurka etxean lortu zuten puntuarekin, 14 batu dituzte guztira, eta beraz, puntu bakarrak aldentzen ditu Tafa, Juventud del Círculo, San Juan eta Alcorcon taldeetatik, zeinak seigarren, bosgarren, laugarren eta hirugarren postuan dauden, hurrenez hurren.
Horrela, jakin badakigu nafarrak 3 puntuen bila etorriko direla taularen burura hurbiltzeko. Hala ere, gure kasuan ere funtsezkoa da garaipenari ihes egiten ez uztea, ditugun 10 puntuek oihuka eskatzen baitigute batzea; are gehiago, gaur egun dugun eta batere gustatzen ez zaigun hamabigarren postutik urruntzen hasi behar dugula jakinda. Izan ere, gertu gaude sailkapenaren erdian daudenak heltzeko, baina orain erreakzionatzen ez badugu, beranduegi izango da, lehen itzuliaren amaiera ate joka baitago jada.
Ildo horretan, kontziente gara aste hau desberdina izan dela asteartean jokatu genuen Errege Kopako partidagatik. Hala eta guztiz ere, lehiaketa horrek utzi digun sentsazioa hain da ona, sortu ahal izan duen nekeagatik Ligaren konpromisorako handicap bat izan dela pentsatu beharrean, behar dugun energia positibo horretarako indargarri gisa ikusten dugula. Beraz, ezustekorik ezean, jokalari guztiak deitu ditu gure entrenatzaileak (Gorka berreskuratu gabe jarraitzen dugun arren), baita Euskal Ligako Martin Iraola ere.
Helburuaren bila goaz! Goazen!