Kronika

Ezin izan genuen lortu

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2023ko mai. 29a, 17:11

Larunbatean Jaengo Mengibar taldearen bisita jaso genuen Belabietan, igoera playoff-etako bigarren faseko gure aurkaria dena. Topaketaren berezitasuna zela eta, arratsaldea marea morearen harrerarekin hasi genuen. Ezin hobeto.

Horrela, sentimendu ugarirekin beteta, Dani, Chuky, Uri, Oscar eta Bolik osatutako boskotearekin hasi genuen topaketa. Aurkaria gure area barruan bukatzen ziren ekintzekin asko hurbiltzen hasi zen arren, ondo eutsi genion 13. minutuan defentsan egindako akats larri batek aurkako lehen golarekin kondenatu gintuen arte (0-1). Hori baino lehen, aukera argia izan genuen Iker eta Uriren arteko pareta azkar batekin, eta Chuky errematatzera iritsi izan balitz, gauza asko aldatuko lirateke ziur aski.

Ondoren, Jotak 5etik irtetea erabaki zuen berdinketa bilatzeko, baina atezain aurkariak baloia jaurti, eta ate hutsera sartu zuen atsedenaldirako 3 minuturen faltan. Bigarren gol honek min handia eman zigun, eta horri Uriren kanporatzea gehitu behar izan zitzaion. Are gehiago, bisitariak bat gehiagorekin jolasten ari zirela, 19. minutuan iritsi zen hirugarren gola. Atsedenaldira 0-3koarekin joateak partidaren norabidea markatu zuen, zalantzarik gabe.

Bigarren zatia Dani, Boli, Ilias, Chuky eta Oscarrekin hasi genuen. Mengibarrek zentzu guztietan bikain jarraitzen zuen bitartean, guk ez genuen asmatu mantentzea erabaki zen 5eko jokoarekin. Halaber, beste faktore askoren artean, gure nekeak eta animo mailan eragina izan zuen markagailuko alde nabarmenak partida argi eta garbi erabakita utzi zuen aurkako golekin, horiek modu ezberdinetan iritsi zirelarik: estrategia batetik, trantsizio azkarrei esker, urruneko jaurtiketen ondoren atezain jokalariaren alde egitean... Horrela, amaierarako 8 minutura, 6 goleko aldearekin nagusitu ziren Jaengoak, eta guk bi gol ospatzeko aukera izan bagenuen ere, biak Chukyren eskutik (lehenengoa 36. minutua, eta bigarrena, amaierarako 20 segundora), bisitariek behin-betiko 2-8koa ipintzeko denbora izan zuten.

Emaitza gorabehera, oso harro gaude egindako bideaz, eta hasierako ilusio berarekin bidaiatuko dugu Jaenera ostiralean. Jakina, Mengibar zoriondu nahi dugu garaipenagatik, eta 40x20an 40 minututan zehar egindako lanagatik.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu errespetua erakutsi, eta gure jokalariei animoak eta maitasuna adieraztera mugatu ziren zale guztiei. Horrekin batera, Lauburuko balioekin inondik inora bat egiten ez duen jarrera bakoitza gogor salatu nahi dugu beste behin.

Goazen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!