Hala ere, ez dezagun ahaztu berdeen aurkako bi garaipen lortzetik gatozela, biak jarraian eta meritu handikoak; Jotak dioen bezala ez baita batere erraza Anaitari irabaztea. Zentzu horretan, gure entrenatzaileak horrela definitzen zuen parean dugun erronka: «Playoff-eko lehen norgehiagoka bezalakoa izatea espero dugu, baina bi aldiz biderkatua. Askoz ere zailagoa». Ondorioz, jokalari guztiak deitu ditu Arreguik, baita Euskal Ligako Beñat ere.
Emaitzari dagokionez, joaneko neurketako markagailua 1-0ekoa izan zen, eta abantaila horrekin goaz Iruñera. Beraz, Anaitasunak, sailkatu nahi badu, gol bat baino gehiagogatik irabazi beharko du itzulerako neurketa hau; izan ere, gol bakar batengatik irabaziz gero, luzapena egongo litzateke. Azken kasu horretan, luzapena ere emaitza berarekin amaitzen bada, Anaitasuna izango litzateke hurrengo fasera sailkatutako taldea, penaltien ordez Ligako onena gailentzea erabaki delako aurten.
Ezerk ez gaitu geldituko, orain arte egindako lanarekiko gogobetetasuna izugarria da, eta esna amesten jarraitu nahi dugula errepikatzeak ez gaitu nekatzen. Jotak berak dio: zerbait historikoaren aurrean gaude. Goazen!