Horrela, Chuky, Boli, Uri, Oscar eta Dani izan ziren hasierako bostekoa, eta urduritasunak %100ean ez egotea eragin zuen. Horren aurrean, Anaitasuna indartu egin zen, eta 8. minutuan gola sartu zuen falta batetik (1-0). Golak min handia egin zuen, baina handik bi minutura, partida berdindu zuen Bolik, Oscarren jaurtiketa baten ondorengo aldaratzea aprobetxatuta. Aurrerago, atsedenaldirako 7 minutu baino gutxiagora, Ikerrek 1-2koa jarri zuen markagailuan, ekintza bikaina borobildu zuen gol batekin. Aurretik jartzeak emandako bizitasunarekin, norgehiagokako lehen minutuak irauli, eta aurkariaren intentsitateari eusten jakin genuen. Horrela, bi taldeak gogor lanean ari ginela, markagailuan aldaketarik izan gabe iritsi ginen atsedenaldira (1-2).
Aldageletatik itzuli ondoren, hasierako bostekoa errepikatu genuen bigarren zatirako, eta 28. minutura arte itxaron behar izan genuen aldea handitzeko, Uriren kontraeraso azkar bati esker (1-3). Beste 4 minutu igaro ostean, 2-3koa iritsi zen etxekoen eskutik (2-3), baina soilik segundo batzuk geroago, arnasa eman zigun etxekoek beren atean egindako gol batek (2-4).
Minutuek aurrera egin ahala, inor ez zegoen amore emateko prest, eta nafarrek atezain jokalaria atera zuten amaierarako 3:30era (3-4). Emaitza estuegia zen, zalantzarik gabe. Hala ere, etxekoek planteatutako jokoari ondo erantzuten jakin izan genuen, eta neurketa ixteko hartu zuten arriskuari etekina aterata, beste bi gol sartu genituen (3-6), lehenengoa Ikerrek (28. minutua) eta bigarrena Oscarrek (29. minutua).
Ezin hitzekin azaldu sentitzen duguna. Bigarren mailara igotzeko Play Off-a jokatzeko sailkatu gara, eta egindako ahalegin guztiagatik sari gisa gozatu ahal izango dugun abentura imajinatzeak asko hunkitzen gaitu. Mila mila esker Iruñera berotasuna eta indarra ematera etorri ziren zale guztiei. Ikaragarriak zarete! Goazen!