Kronika

Zerbait ikaragarritik hiru pausora

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2023ko api. 19a, 17:55

Larunbatean denboraldiko arratsalderik zirraragarrienetako bat bizi genuen Belabietan, eta bai jokalariak, baita zaleak ere, sekulako gozamenarekin irten ginen partidatik.

Jokoan dagoena kontuan hartuta ulergarria den urduritasunarekin, zelaira atera ginen Dani, Uri, Oscar, Txiki eta Bolirekin. Lehen minutuetan, behin baino gehiagotan hurbildu ginen aurkako atera, baina zatiaren erdia iritsi arte itxaron behar izan genuen lehen gola ikusteko: Urik eta Chukyk bizkarra irabazten zioten atezainari, eta area barrutik sartzen zuen azken honek (1-0). Ondoren, 4 minutu gehiago behar izan zituen bikote honek antzeko gola sartzeko (2-0), oraingoan nagusitasunean jokatuta aurkarietako batek txartel gorri zuzena jaso zuelako.

2-0ekoarekin, markagailuan hurbildu zen Brunete atsedenaldira joan aurretik (2-1), eta horrek dena ematen jarraitzera behartu gintuen, berdinketak arriskua eskutik emanda ekarriko zuelako, zalantzarik gabe. Modu horretara, aurkariak hainbat ekintza nabarmen egin zituen arren, Daniren esku-hartzeek eta defentsa on batek baloi guztiak kanpora atera zituen, eta atsedenaldira aurretik joatea lortu genuen.

Aldageletatik itzuli ondoren, Dani, Chuky, Uri, Oscar eta Txikirekin eman genion hasiera bigarren zatiari. Lehen lau minutuak pasata, aldea handitzea lortzen ez genuela ikusita, atezain jokalaria atera zuen Jotak. Horri esker, amaierarako 9 minutu luze falta zirenean, Bolik 3-1ekoa ipini zuen, Oscar eta Urirekin batera izandako koordinazio onari esker. Aurrerago, aurkariak bosgarren falta igo zuen, baina xehetasun horrek ez zion eragotzi 5eko jokoaren aldeko apustua egitea; izan ere, horren ostean aprobetxatu zuten madrildarrek kontraeraso bat, eta Urik pilota kanpora atera zuen arren, epaileak adierazi zuen eskuarekin ukitu zuela hura. Ondorioz, aurkako penaltia etorri zen, baita 3-2koa ere.

Hala ere, talde bisitariak bosgarren falta azkar egin zuenez, litekeena zen seigarrena ere egitea. Beraz, espero bezala, penalti bikoitza iritsi zen. Dena den, Oscarrek huts egin zuen, eta ezin izan genuen aukera aprobetxatu. Gehiagorako gogotsu, gure area ertzean egindako lapurreta batek eta horren osteko urrutiko jaurtiketak gure laugarren gola ekarri zuen Txikiren eskutik, baloia sartuko ez zela ikusita oso azkar atera baitzen falta zen bultzada emateko (4-2).

Ondoren, joko estiloari eutsi genion, eta amaierarako 1:30ra, Iliasek 5-2koarekin utzi zuen erabakita neurketa, baloia aldaratze batean sartuta, Chukyren pase ikaragarria jaso ondoren. Horrekin guztiarekin, agur esan genion denboraldi honetako Belabietako norgehiagoka zirraragarrienetako bati.

Hiru asteburu bakarrik geratzen zaizkigu zerbait ikaragarria lortzeko. Mila esker zaleei baldintzarik gabeko laguntza emateagatik, zuek gabe ez litzateke horrelakorik posible izango, eta lorpenak partekatzeak bihotza betetzen digu. Goazen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!