Dani, Boli, Uri, Txiki eta Oscar bostekoarekin hasi genuen norgehiagoka, eta lehen minutuetan, baloiaren jabetza mantentzen jakin genuela iruditu zitzaigun. Hala ere, lan ona egiten ari zen aurkaria, eta zaila egin zitzaigun jokaldiak amaitzea. Horrela, lehen zatiko 11. minutura arte itxaron behar izan genuen arratsaldeko lehen gola ikusteko, Dylanek area inguruan lapurtu eta baloia Txikiri pasatzean (0-1).
Aurretik jartzea funtsezkoa izan zen. Gainera, talde bisitariak bosgarren falta egin zuen 15. minutuan, eta penalti bikoitza iritsi ez zen arren, atsedenaldia iragartzen zuen txistua entzuteko 14 segundora, Chukyk gol ikusgarria sartu zuen hegaletik, Oscarren zerbitzura (0-2). Aldageletara bi goleko tartearekin joateak indarra eta konfidantza ematen zigun, baina oinak lurrean jarrita genituen, bagenekielako San Juanek dena emango zuela puntuak lortzeko.
Horrela, Dani, Oscar, Dylan, Txiki eta Bolirekin hasi genuen bigarren zatia. Espero zen bezala, Iker Tororen mutilak gero eta gehiago nabarmentzen hasi ziren eta, 23. minutuan, ez zuten barkatu, eta distantziak murriztu zituzten: pase txar bat aprobetxatuta, lapurretan egin, eta 2x1 batean sartu zuten baloia ate barruan (1-1). Gehiagorako gogo handiarekin, amaierarako 6 minutura iritsi zen berdinketa, beste behin baloia lapurtu, eta kontraeraso batean oso azkar irten ondoren (2-2).
Horren ostean, bai talde batek zein besteak pare bat aukera izan zituzten puntu banaketa saihesteko, baina baloiak zutoinean bukatu zuen denetan (atezainek ere lan izugarria egin zuten). Horrela, intentsitatea asko handitu zen, eta bosgarren falta egin genuen, baina horrek ez zuen eragotzi 2 minuturen faltan bosteko jokoarekin saiatzea. Hala ere, markagailua ez zen gehiago aldatu eta partida 2-2koarekin itxi genuen.
Amaieran, Jotak adierazi zuen taldea ez zela ondo aritu bigarren zatian, baina berdinketa ez zela txarra, «nahiz eta ikasi egin behar dugun arerioaren jokoan ez erortzen». Hala eta guztiz ere, gure entrenatzaileak azpimarratu zuen zailtasunak zailtasun, «harro» sentitzen zela.
Datorren astean, askoz gehiago eta askoz hobeto!
Goazen!