Kronika

Puntu banaketa Madrilen

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2023ko ots. 7a, 11:00

Larunbatean Madrilera joan ginen Ligako hemeretzigarren jardunaldiko partida jokatzera. Han, Futsal Villaverde genuen zain, eta emaitza onak lortzetik zetorren taldea izanik, bagenekien partida gogorra izango genuela esku artean.

Chuky, Iker, Dylan, Oscar eta Marcosek osatutako bostekoarekin hasi genuen partida, eta oro har, defentsa ona mantentzen jakin izan genuen lehen zatian. Erasoari dagokionez ordea, ez genuen behar bezala asmatu, batez ere, markagailuan aurreratzeko aukera ugari izan genituela kontuan hartuta. Horren aurrean, azpimarratzekoa da etxeko atezainak arrakasta handiarekin erantzun zuela. Atsedenaldirako 8 minutu falta zirela, Txikik penalti bat huts egin, eta markagailuak hutsean jarraitu zuen. Dena den, lehen zatia amaitzeko minutu bat baino gutxiago falta zela, helburua lortu genuen: haien jokalari bat kanporatu, eta nagusitasunean jokatzen ari ginela, bere atean sartu zuen baloia aurkariak (0-1).

Aldageletatik itzuli ondoren, etxeko taldea nagusitu zen bi edo hiru ekintza kenduta, ez genituen sortu lehen 20 minutuetan sortu genituen adina aukera. Era berean, oraingo honetan haiei egokitu zitzaien nagusitasunean jokatzea, gure Alvaro kanporatu baitzuten. Daniri esker, pare bat jaurtiketa urrunduta, egoerari ondo eusten jakin izan genuen.

Dinamika horretan, 0-1ekoa mantentzea lortu genuen, baina amaierarako 2:17ra, 5eko jokoarekin eta diagonal on bati esker, partida berdintzea lortu zuten madrildarrek. Horren ostean, zirrara handikoak izan ziren azken bi minutuak. Talde batek zein besteak arriskatu, eta dena eman zuen atezain jokalariaren aldeko apustua eginda. Saiatu arren, 1-1ekoarekin iritsi zen azken txistua.

Puntu banaketarekin, Jotak adierazi zuen taldearen irudia “aurreko astean baino askoz hobea” izan zela. Ildo horretan, puntu bat batzeaz gain, Belabietako azken jardunaldiko sentsazio txarra alde batera utzi izana ere lortu dugu.

Sailkapenari dagokionez, San Juan eta Zierbenaren garaipenak medio, eta seigarren postuan kokatu garen arren, ez dugu baztertzen azken partida honek utzi digun alde positiboa. Gainera, aste honetan atseden hartuko dugu, eta badakigu primeran etorriko zaigula fisikoki eta mentalki indarrak berritu ahal izateko.

Goazen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!