Kronika

Jota Arregi: «Alderdi asko hobetu behar ditugu»

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2023ko urt. 31a, 10:58

Larunbatean Bigarren Mailan jokatzen duen Colo Coloren harrobiko taldea den Full Energia Zaragoza B taldearen bisita jaso genuen.

Sailkapeneko berdintasuna medio, puntuak batzea oso garrantzitsua zela kontuan hartuta (bai guretzat, eta baita aurkariarentzat ere), ez zegoen zalantzarik: gola sartzeko goseak aginduko zuen norgehiagokan.

Horrela, Marcos, Oscar, Uri, Chuky eta Ikerrekin hasi genuen partida, eta positiboa izan zen hasierako sentsazioa; izan ere, hainbat jokaldi arriskutsu egin genituen, eta, are gehiago, minutu bat eta hogei segundo besterik ez zuen behar izan Ikerrek Uriren pasera markagailua estreinatzeko (0-1), lapurreta garrantzitsu baten ondoren. Hala ere, hirugarren minutuan bisitariek estrategia jokaldi batean berdindu zuten neurketa, Bolik egindako falta arriskutsu baten ostean (1-1). Hortik aurrera, rolak aldatu egin ziren eta, guk egindako presiotik ateratzea kosta zitzaien arren, bisitariena izan zen baloi jabetza.

Atsedenaldiaren ostean, Uri, Chuky, Oscar, Iker eta Danirekin hasi genuen bigarren zatia, eta 3 minuturen buruan, aurretik jarri ziren Zaragozakoak (1-2) areaz kanpo egindako jaurtiketa batekin. Dena den, 25. minutuan, berriz ere Ikerrek, baloia ate barruan sartu zuen (2-2): Txiki eta Chukyren arteko jokaldi on baten ondoren, atzelaria gainditu, eta bigarren zutoinean jaso zuen tolosarrak.

Momentu horretan berdinketa lortzea oso garrantzitsua zen, eta hura mantentzen jakin izan genuen (baita 5 falta eginda egonda ere), baina neurketa amaitzeko zortzi minutu eta erdi falta zirela, aldea handitu zuten aurkariek, lapurreta baten ondoren baloia oso ondo mugituta, eta area barrutik jaurtiketa eginda.

2-3koarekin, Jotak bosteko jokoa aukeratu zuen, eta Full Energiak aldea handitzeko aprobetxatu zuen atea hutsik egotea (2-4). Geroago, 1:27ren faltan, eta 5eko jokoa mantenduta, eskuadratik sartu zuen izugarrizko gola Chukyk, larunbat arratsaldeko azkena (3-4). Amaiera zirraragarria!

Jotak azaldu bezala, alderdi asko hobetu behar ditugu, batez ere, etxetik kanpo zenbait arlotan huts egiteak are gehiago kondena gaitzakeela jakinda. Ez gaude gure unerik onenean, eta beharrezkoa da sentsazio onak berreskuratzea playoff-eko postuetan mantentzeko gai izateko. Goazen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!