Trantsizioetan eta estrategia jokaldietan erabaki zen partida

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2023ko urtarrilaren 10a

Larunbatean SCDR Anaitasuna hartuko genuen etxean lehen itzuliko azken jardunaldiko partidan. Belabietako harmailak beteta ikusteagatik oso harro, hasiera eman genion norgehiagokari Dani, Chuky, Oscar, Txiki eta Uri bostekoarekin.

Neurketa oso parekatuta egon zen hasiera-hasieratik eta, estrategia bati esker, markagailua estreinatzea lortu genuen Boliren eskutik 8. minutuan. Aurrerago, aurkariaren presioak asko zaildu zigun erasoa eta, defentsa on batekin erantzun behar izan genuen. Horren artean, nafarrek bosgarren falta igo zuten, baina, hala ere, ez genuen etekinik ateratzen jakin, eta egoera ondo ez neurtzeak berdinketara eraman gintuen. Pista erditik iritsi zen gola, atsedenaldirako 1:57 falta zela.

Aldageletatik itzuli ondoren, gure entrenatzaileak boskotea errepikatu zuen bigarren zatiari ekiteko, eta hasieran behintzat, bide beretik joan zen jokoa: berdintasun nabarmena. Gero, pixkanaka, abilezia galtzen joan ginen, eta gure pistan giltzapetzen gintuzten bitartean, menderatzen jakin izan zuten Narvaizek zuzendutakoek. Are gehiago, fisikoki ondo ez egotea nabaritu zitzaigun, eta ondorioz, gol bat jaso genuen hegaletik, azken txistua entzuteko 7 minutu luze falta zirenean. «Bagenekien trantsizioetan eta estrategia jokaldietan erabakiko zela partida», adierazi zuen Jotak partida amaieran, batez ere, gisa honetako ekintzei erreferentzia egitean.

1-2koarekin atezain jokalaria aukeratu genuen eta, ondo defendatu gintuzten arren, partida berdintzeko bi aukera polit izan genituen. Dena den, ez genuen ekintza ugari gauzatzen eta aprobetxatzen jakin, eta horrek eragin zuen, hain zuzen ere, 3 puntuek gure Nafarroako bizilagunekin batera bidaiatzea.

Punturik lortu gabe esaten diogu agur lehen itzuli bizi honi, baina argi edukita indar handiarekin helduko diogula bigarrenari. Mila esker Belabieta eta gure bihotzak berriro betetzeagatik!

Goazen!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!