Marcos, Boli, Eric, Chuky eta Urirekin hasi genuen norgehiagoka, eta gauza asko gertatu ziren arren, kontrako lehen gola ez zen lehen zatiaren erdialdera arte iritsi (0-1). Minutu bat geroago, 0-2koa jarri zuten nafarrek markagailuan.
Horrela, distantzia hori lehenbailehen murriztea ezinbestekoa zela kontuan hartuta, dena eman genuen, eta atsedenaldirako 2 minutura, 5eko jokoa erabilita, Iliasek lehen gol desiratu hori sartu zuen urruneko jaurtiketa bati esker (1-2). Gola sartzea oso garrantzitsua izan zen, baina lehen 20 minutuek Ericen lesioaren berri txarra ekarri ziguten, eta bagenekien horrek ondorioak izango zituela. Bestelako aldaketa nabarmenik gabe joan ginen atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan, Danik, Iliasek, Chukyk, Bolik eta Txikik osatu zuten bigarren zatiari hasiera eman zion bostekoa. Lehenengoan gertatutakoa kontuan hartuta, helburua izan zen atezain jokalariari eustea, aurkaria nekarazteko eta berdinketa ipintzeko. Eta, hain zuzen ere, amaierarako 11 minutura lortu genuen hori, Uriren eskutik (2-2). Dena den, hiru minutu pasa, eta berriro jarri ziren aurretik Tafallakoak (2-3). Minutu bat beranduago, ezinbesteko beste gol batekin erantzun zuen Bolik (3-3).
Ondoren, amaierarako 7 minutu eskas falta zirela, beste behin nabarmendu zen talde bisitaria, eta laugarren gola sartu (3-4). Gainera, Chukyri zuzendutako txartel gorria zela eta, jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan genuen tarte arriskutsu batean. Hala ere, aipatutako handicap horiek gorabehera, Danik funtsezko baloi bati heltzea lortu zuen eta, gure areatik egindako jaurtiketa batekin, behin-betiko 4-4koa jartzea lortu genuen.
Horrekin guztiarekin, Jotak adierazi zuen pozik zegoela berdinketarekin, baina izugarri nabarituko dugula Chukyren kanporatzea eta Ericen lesioa. Beraz, aste honetan, are gogorrago egin behar dugu lan egin Villa de Quel taldearen aurkako lehiara ahalik eta baldintza onenetan iristeko. GOOOOOOOOAZEN!!!!!