+1 azken hasperenean

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2022ko aza. 15a, 11:06

Larunbat arratsaldea oso berezia izan zen Belabietan, hainbat arrazoi medio. Alde batetik, familia more osoa elkartu ginen hainbat argazki ofizial ateratzeko. Ekitaldi hori ez zen duela urte batzuetatik egiten, eta faltan botatzen genuen. Bestalde, zorte handia izan genuen gure ibartar Izarne Sarasolak, Realeko jokalari eta munduko txapeldunak, ohorezko sakea egin zuelako partida hasi baino minutu pare bat lehenago. Horren guztiaren artean, Belabietako harmailak bete egin ziren literalki, eta ez dugu hitzik gure klubarentzat horrek suposatzen duena adierazteko.

Horrela, motibazio gehigarri batekin, Chuky, Boli, Uri, Txiki eta Marcos bostekoarekin hasi genuen partida. Lehen aukera argia Boliren eskutik etorri zen, area barruan baloia jaurtitzeko aprobetxatu baitzuen, atezaina gehiegi atera zen abagune batean. Hala ere, defentsetako bat iritsi zen baloia urruntzera. Ondoren, talde batek zein besteak arrisku gunera iristen jakin genuen, baina ez genuen asmatu, 14. minutuan aurkako penalti batek Otxartaberen aldeko markagailua ireki zuen arte (0-1). Ondoren, atsedenaldirako 1:44ra, bosgarren falta egin genuen eta, beraz, lasaitu egin behar izan genuen penalti bikoitza saihesteko. Are gehiago, gure entrenatzaileak apustu sendoa egin, eta atsedenaldira joateko 40 segundoren faltan, 5eko jokoa aukeratu zuen. Horri esker, partida berdintzeko zorian egon ginen pare bat aldiz.

Aldageletatik bueltan, Boli, Txiki, Uri, Alvaro eta Dani aukeratu zituen Jotak bigarren erdiari hasiera emateko. Lehen bost minutuetan Bilboko taldea hurbildu zen kanpoko jaurtiketa indartsuekin, baina ondo kanporatu zuen baloia denetan Danik. Pixkanaka-pixkanaka, aukera politak ere sortu genituen, aipagarrienen artean hurrengo biak: Iliasena eta Chukyrena, non Chukyk zutoinari eman zion area erdian jaso ondoren, eta Txikirena eta Urirena, kontraeraso batean.

Hala eta guztiz ere, erasoan oso fin ez geundela eta aurkaria nabarmentzen ari zela kontuan hartuta, 5eko jokoarekin arriskatu zen berriro gure entrenatzailea, azken txistua entzuteko 5 minutu eskas falta zirenean. Oraingo honetan joko estilo hori ondo ateratzen ari ez zela zirudien arren, azkenean, 1:41en faltan, gol ikaragarria sartu zuen Urik eskuin hegaletik. Horrelako gol bat ikusi ondoren, merezi izan zuen hura iristeko itxaron genuen denbora guztiak. 1-1ekoarekin eta aldaketa gehiagorik gabe, partidaren amaierara iritsi gien.

+1 azken unean, eta partida bat bera ere galdu gabe jarraitzen dugu. Goazen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!