Amaitutzat eman du denboraldia Lauburu Ibarra Mahalak

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2022ko mai. 27a, 14:55

Klubeko ia talde guztiek bezalaxe, amaitutzat eman du bere denboraldia baita Euskal Ligakoak ere, Lauburu Ibarra Mahala taldeak. Klubak kategoria honetan parte hartzen zuen lehen aldia izanik, erronka moduan hartu genuen hasieratik. Gainera, jokalari berrien etorrerak haize freskoa ematen zuen, eta denek erakusten zuten lehiatzeko behar zen motibazioa.

Zentzu horretan, balorazio orokor bat eginez, entrenatzaileak esan digu taldeak oso lan ona egin zuela lehen itzulian. Bere ustez, partidak lehiatzen jakin izan zuten, eta merezimendu handiko itzulera izan zen; batez ere kontuan hartuta, jokalari falta zela eta, askotan zailtasunak izan zituztela entrenatzeko.

Hala ere, Arevalok ez du bigarren itzulia modu berean baloratzen, eta inauteriek taldearentzat batere ona izan ez zen inflexio-puntua ekarri zutela aitortu digu. Hortik aurrera, denboraldia ahalik eta txukunen amaitzea izan da guztion helburua.

Sailkapenari begira, Lauburu Ibarra Mahala-k 18 puntu lortu ditu lokal gisa eta 19, berriz, bisitari gisa. Horrekin, 9. postuan kokatuta esan diote agur denboraldiari. Hala ere, beharrezkoa da aurkarien artean nagusi den berdintasuna nabarmentzea; izan ere, adibide bat jartze aldera, 4 puntuk bakarrik urruntzen dituzte ibartarrak laugarren postua eskuratu duen taldetik.

Beraz, aurrean izan ditugun gabezia nabarmenak eta gainditu behar izan ditugun zailtasunak ezkutatu gabe, Euskal Ligan izan dugun esperientzia modu positiboan baloratzen dugu. Partida bakoitzean jokalariek erakutsi duten grinarekin geratzen gara, gure klubaren filosofiaren isla.

Azkenik, kirol zuzendari gisa, Juanan Rodriguezek ere baloratu nahi izan du Euskal Ligako debuta: “Klubean oso pozik gaude taldeak maila honetan izan duen errendimenduarekin, baina are gehiago erakutsi duen inplikazioarekin eta konpromisoarekin, Aitorrengandik hasi, eta entrenamendu eta deialdien dinamikan sartu den azken kadete hura arte. Euskadiko prestatzailerik onenetako baten eskutik, jokalari oso hasiberriekin aurrera egiteaz gain, izugarri lagundu du Bigarren B mailan. Haien laguntzarik gabe, ziur aski ezin izango genuke klubeko lehen taldearen maila jaitsiera saihestu. Horregatik guztiagatik, klubetik eskerrak eman nahi dizkiegu publikoki”.

Orain deskonektatu, atseden hartu eta pilak kargatzeko ordua iritsi da. Goazen Lauburu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!